Koronabirusa munduan

CO2 isuriek behera egin dute, baina horri eusteko neurriak eskatu dituzte

Ikerketa baten arabera, konfinamenduaren ondorioz %17 murriztu da atmosferara isuritako karbono dioxidoa

Klima aldaketaren aurkako protesta bat Alemanian. FRIEDEMANN VOGEL / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko maiatzaren 20a
00:00
Entzun
Koronabirusari aurre egiteko, munduko estatu gehienek itxialdia agindu dute, eta jarduera eteteak arnasa eman dio inguruneari. Hain zuzen, kutsadura atmosferikoa murriztu egin da hilabeteotan; hauspoa hartu izanak, baina, ez du ezer konpondu, eta azpimarratu dute beharrezkoa dela gerora begirako neurriak hartzea klima aldaketaren mehatxuari aurre egiteko. Modu horretan, atzo Nature Climate Change aldizkari zientifikoan argitaratu zen ikerketa baten arabera, pandemia garaitzeko ezarritako konfinamenduak eguneroko karbono isuriak % 17 murriztu zituen apirilaren hasieran —data horretan zeuden herrialde gehien itxialdian—. Hala, 2006tik jasotako mailarik apalenak erregistratu ziren.

Datu ona da, zalantzarik gabe, baina, jarraipenik eman ezean, anekdota hutsean gera liteke. Izan ere, nazioarteko zientzialari taldeak eginiko analisian ohartarazi dutenez, eragin positibo horrek ez du iraungo gobernuek «isuri kaltegarriak murrizteko neurri iraunkorrak hartzen ez badituzte».

Halaber, 2019arekin alderatuta aurten isuriak %4 eta %7 artean murriztea espero badute ere—II. Mundu Gerraz geroztik izan den jaitsierarik handiena litzateke—, adituek jakinarazi dute horrek ez duela eraginik izango klima aldaketan, dagoeneko ugari baitago pilatuta.

Zientzialariek CO2 emisio guztien % 97 isurtzen duten 69 herrialdetan ezarritako neurriak aztertu dituzte, eta ikerketaren arabera, apirilaren 7an, eskualderik kutsagarrienak (Txina, AEB, Europa eta India) konfinatuta zeudenean, eguneko emisio globalak joan den urtean baino 17 milioi tona karbono dioxido gutxiago izan ziren.

Testuinguru horretan, azaldu dute lurreko garraioen isurketen beherakadaren ondorio izan zela murrizketaren ia erdia, %43; energiaren sorkuntzak, berriz, %19ko eragina izan zuen, industriak %25 eta abiazioak %10.

Politikak aldatu

Emaitzei erreparatuta, egileek gobernuei eskatu diete garraio eta mugikortasun politikak hobetzeko, «aldaketa iraunkorra lortze aldera». Horrez gain, ohartarazi dutenez, pizgarri ekonomikoen paketeak bultzatzeko «presak» ez ditu etorkizuneko isuriak handitu behar, eta arduraz jokatzea galdegin dute.

«Litekeena da muturreko murrizketa horiek aldi baterakoak izatea, ez baitituzte sistema ekonomikoen, garraioaren edo energiaren egiturazko aldaketak islatzen. COVID-19aren ondorengo erantzun ekonomikoak planifikatzeko orduan liderrek klima aldaketa kontuan hartzeko moduak eragina izango du munduko CO2 isuriek datozen hamarkadetan izango duten ibilbidean», onartu zuen Corinne Le Querek, ikerketa koordinatu duen zientzialariak. Horrekin batera, estatuei dei egin zien «aldaketa erreal eta iraunkorrak» aplikatzeko, batez ere garraioan.

Antzera mintzatu zen Rob Jackson ere, txostenaren egileetako bat, eta energia berriztagarrien eta auto elektrikoen bidezko «aldaketa sistematikoa» beharrezkoa dela azpimarratu zuen.

Glen Peters zientzialariak, berriz, esan zuen pandemiak klima larrialdia beste «begi batzuekin» ikusteko aukera zabaldu duela: «Koronabirusaren ondorioz hartutako konfinamendu politikak ez daude bideratuta klima aldaketa konpontzeko, baina orain jasotzen ditugun datuek etorkizunean klima politika eraginkorragoak diseinatzen lagun diezagukete». Gaineratu zuen munduan dagoeneko hasi dela «trantsizio klimatikoa», eta posible dela pandemiatik suspertzea trantsizioan aurrera eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.