Azken putz dira oraindik

Bilboko portuko zamaketariek lan ituna sinatu zuten duela bi aste; behin-behinekoak, baina, akordiotik kanpo gelditu dira. Epaitegietan ikusten dute finko izatera iristeko bide bakarra.

Bilboko portuan behin-behinean diharduten hiru zamaketari. Erdikoa da Gil. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
Bilbo
2022ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Iragan maiatzaren 20an, Bilboestibak, Bilboko portuko zamaketa zerbitzua kudeatzen duen enpresak, jakinarazi zuen zamaketarien langile batzordearekin akordio bat egin zuela. Coordinadora eta UGT sindikatuekin ados jarri, eta lan hitzarmen berriaren oinarri izango dena sinatu zuten. Bilboestibak hitzarmenari esker lortu den «egonkortasuna», «malgutasuna» eta «lehiakortasuna» aipatu zituen bere oharrean, eta ez da gutxiagorako, azpiegituraren jarduna hainbatetan baldintzatu zuen lan gatazka luze eta gogor bati amaiera jarri ziolako. Akordioak, baina, 350 zamaketari finkoei eragiten die bakarrik, eta behin-behinekoak kexu dira oraindik ere portuko katebegi ahulena direlako.

Behin-behinekoak 103 dira, eta, diotenez, akordioarekin haien egoera ez da aldatu. «Prekarioak ginen lehen eta prekarioak izango gara aurrerantzean ere», salatu du Sendoa Gil behin-behineko zamaketaria eta Nik zamaketariak babesten ditut plataformako kideak. Dioenez, akordioan UGTk bakarrik sartu du haiek finko egiteko aukeraren bat, baina ez epe motzean. Plataformako kideek lortu duten informazioaren arabera, behin-behinekoak lantaldean sartu ahal izateko, erretiroa harturiko finko bat ordezkatu beharko lukete, eta hiru baldintza behar dira horretarako: goiz jota, 2024an litzateke, aurreko urtean 65.000 zamaketa ordu egin badira portuan, eta zamaketa enpresen oniritziarekin. «Alegia, azken hitza enpresek dute, eta datu horiek ez dizkigute inoiz eman», azaldu du Gilek.

Eta normala da enpresengan fede gutxi izatea, azken hamalau urteetan ez dutelako zamaketari bakar bat ere finko egin —100 inguruk hartu dute erretiroa—, eta azken urteetan modu deigarrian murriztu dute behin-behinekoen lan karga. Iaz, esaterako, 80 egunez egin zuten lan bakarrik, eta aurten seitan baino ez. «Horrela ezin da eutsi. Hain egun gutxi pilatuz ezin zaie aurre egin eguneroko gastuei». Gilek egunak aipatzen ditu, behin-behinekoek egunka egiten baitute lan Randstad aldi baterako enpresaren bitartez. Gehienek hamabost urte daramatzate horrela, eta 2.000 kontratutik gora sinatu dituzte.

Lan gutxi, «errepresalia»

Hain gutxi lan egitea ez da kasualitatea, behin-behinekoen ustez. Batetik, zamaketari finkoek lanaldi bikoitzak egiten ari direla salatu dute, boluntarioak direnak. Alde horretatik, elkartasun falta egozten diete. Era berean, enpresaren aldetik errepresalia zantzuak ikusten dituzte hainbat behin-behineko zamaketarik auzitara jo zutelako. EAEko Auzitegi Nagusira iritsitako lehen kasuan, epaileak arrazoia eman zion langileari, eta «behin-behineko kontratuen gehiegizko erabilera» egotzi zion Bilboestibari. 60.000 euroko kalte ordaina ezarri zion eta kontratazio modua aldatzeko agindu. Auzia Espainiako Auzitegi Gorenean erabakiko da.

Haren atzetik beste 60 zamaketarik jarri zuten salaketa Bilboko epaitegiko Lan arloko Salan, eta kasu batzuk epaitzeke daude oraindik. Luze doa auzia, baina lehen ebazpenak irten dira, eta lehen instantzian langileen aldeko zein aurkako ebazpenak egon dira. Alde batekoa edo bestekoa izan, zamaketari zein enpresak helegiteak jartzen ari dira, eta kasu guztiak iritsiko dira EAEko Auzitegi Nagusira. Bitartean, zamaketariek salatu dute deitzen dituzten egun apurretan lanean ari direla «lege iruzur» egoeran.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.