Ander Perez Argote
LARREPETIT

Dena aldatzen da

2023ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Interes handiz jarraitzen dituzu elkarrizketak, prentsaurreko solemne eta agerraldi jendetsuak, inkestetako grafikoetara iltzatuta dituzu begiak azkenaldian, Twitterreko pronostikoak irakurtzen dituzu, lagunarteko ohiko konbertsazioa bihurtu da azken asteetan hauteskundeena. Honek edo besteak eserleku bat gehiago edo gutxiago lortuko ote duen espekulazioan ibili ohi zara, gustuko duzu politika, nahiz eta ongi ez ulertu nola mugitu daitezkeen hainbeste hauteskunde emaitzak. Gelditzen duzu burua zurrunbiloaren baitan, eta, zure betiko kokapen politiko mugiezinetik, zure komunitate batekiko identifikazioagatik, zaila egiten zaizu konprenitzen nola ibili daitezkeen besteak alderdi batetik besterako saltoan. Inguruan halakoren bat ote duzun pentsatzen duzu, inguru-inguruan badakizu ezetz, baina ez dakit bada, izebaren bat edo bizilagunen bat etortzen zaizu burura: baten batek esplikatu beharko ditu hauteskundetik hauteskundetarako mugimenduak. Zuregatik balitz —denak zu balira— bere horretan mantenduko lirateke datuak bozketaro. Normaltzat duzu zure burua, baina agian zu zara normala ez dena.

Desafekzioarena entzun izan duzu, baina, zuk, Gu ta Gutarrak-ek kantatzen zuten politikomano horietako bat zaren horrek, ez duzu sekula halakorik sentitu. Eta hala ere, aitortu behar duzu azkenaldian kasu gutxi egin diozula inguruko parlamentuetako joko politikoari, aspertu ere aspertu zaituela, ez zaituela epika handiko garaietan bezainbat berotzen.

Zurea betirako bizimoldea izango zela uste zenuen, baina aurten, nostalgiak eta oroitzapenak eta gogoak eta denak nahasten bazaizkizu ere, ez zoaz Topagunera, noizbait, aukeratzekotan, betirako han gelditzea erabakiko zenukeen tokira, eta Aberri Eguna ere ez duzu hiriburuan emango.

Eta ez dakizu hori desafekzioa den, ez baitzaizu desagertu horiekiko atxikimendu eta enpatia, edo, besterik gabe, dena aldatzen dela onartzeko puntuan zauden. Eta, neurri batean, eskerrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.