Aldaketa garaia Etiopian

Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroak ehun egun bete ditu karguan. Denbora horretan, aldaketa ugari egin ditu herrialdean, eta oposizioarekin harremanak leundu.

Abiy Ahmed bere jarraitzaileak agurtzen, Addis Abeban, artxiboko irudi batean. EFE.
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Abiy Ahmed (1976) Etiopiako lehen ministroak ehun egun bete zituen atzo karguan. Komunismoaz geroztik izandako hirugarren presidentea da. Apirilaren 2an izendatu zuten, otsailaren 15ean Hailemariam Desalegn lehen ministro ohiak dimisioa eman eta ia bi hilabetera. Ehun egunetan, larrialdi egoera indargabetu du, oposizioko hiru alderdiri «terrorista» etiketa kendu die, herrialdeko enpresak liberalizatu ditu eta Eritrearekin bakea sinatu du, besteak beste. Agintaldiaren hasieran eginiko promesa gehienak bete ditu jada, eta aldaketa ekarri du.

Etiopiako Parlamentuko eserleku guztiak Abiyren koalizioak betetzen ditu, Etiopiako Herri Fronte Demokratiko Iraultzaileak. Hala ere, badira oposizioko taldeak, eta esan dute gobernuko alderdiak iruzur egin zuela 2015eko hauteskundeak irabazteko. Haietako batzuekin batzartu da Abiy, bai eta talde armatuekin ere, herrialdearen norabide berriari buruzko iritziak trukatzeko. Bildu berri da Ginbot 7 deserriko talde armaturik jendetsuenarekin, eta taldeak esan du amaitutzat emango duela jardun armatua.

Azken erabaki garrantzitsua astelehenekoa da: Eritreak eta Etiopiak bakea sinatu zuten. 1993an, Eritreak independentzia lortu zuen, eta gerran egon zen Etiopiarekin 1998 eta 2000 artean. Bi urteko gerraren ondoren, 2000n sinatutako Aljeriako Itunak ez zuen bi herrialdeen arteko tentsioa baretu. Astelehenean bakea sinatu zuten, eta Eritreak itsas portuak eskaini zizkion etorkizunean merkataritza akordioak sinatzeko.

Lehen ministroak sektore ekonomiko batzuk liberalizatu ditu, eta enpresa pribatuen inbertsioak bultzatu ditu, nahiz eta eredu komunista indarrean dagoen herrialdean oraindik. Ethiopian Airlines eta Ethio-Telecom telekomunikazioetako enpresa dira inbertsiora ireki diren lehen enpresak.

Guztiek ez dute gustuko iraultza, ordea. Ekainaren 23an, Addis Abeban Abiyren alde egin zuten manifestazioan, bi pertsona hil ziren granada baten ondorioz, eta 160 zauritu. Abiyren gobernuaren erronka nagusia etnien arteko borroka eta —beraz indarkeria— amaitzea da.

Hazkunde ekonomiko ezegonkorraren ondorio gisa sortutako tentsio sozial, ekonomiko, politiko eta etnikoek protestak eragin zituzten 2015aren amaieran. Biztanleak gero eta pobreagoak diren herrialde honetan, protestek 2017ko otsailera arte iraun zuten, tigrin gutxiengo etniak gobernua kontrolatzen zuelako, herritarren esanetan. Herritarren %26 dira pobreak, eta soilik %27k dute drainatze sistema etxean. Tigrin etnia Etiopia iparraldean bizi da, eta herritarren %6 baino ez dira. Etnien arteko liskarrak ohikoak dira Etiopian, eta politikan eragin zuzena du horrek. Oromo etniakoa da Abiy, Etiopiako etnia nagusienekoa, eta haiek zuzendu dituzte protestak azken urteetan. Amhara, oromo eta tigrin etniak iparraldean bizi dira, eta haien arteko borrokak ohikoak dira. Horregatik, etnien arteko gatazka da Etiopiako gizartearen arazo nagusiena. NBEk esan du ekainaren hasieratik hona ia milioi bat pertsonak bizilekua aldatu dutela herrialde barruan, gehienak iparraldeko lurraldeetatik ihesi.

Gatazka Hego Sudanen

Hego Sudango gerraren ondorioz, Etiopiak 500 bat errefuxiatu hartzen ditu egunero. Hego Sudango talde armatuek Etiopiako Gambella eskualdera ihes egiten dute Hego Sudango armadak ez harrapatzeko. Etiopiak NBErekin lanean dihardu Hego Sudango gatazka amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.