Bougainvilleko herritarrek baiezkoa eman diote independentziari

Ia aho batezko iritzia izan da: %97,7k bozkatu dute Papua Ginea Berritik ateratzearen alde

Bougainvilleko herritarrek baiezkoa eman diote independentziari.
ander perez zala
2019ko abenduaren 12a
00:00
Entzun
Ia aho batezkoa izan da iritzia: Bougainvilleko herritar gehienek independentziaren aldeko botoa eman dute. Bertie Ahern Irlandako Errepublikako lehen ministro ohia eta Bougainvilleko independentzia galdeketaren batzordeko presidenteak atzo eman zuen azaroaren 23tik hilaren 7ra egindako erreferendumaren emaitzen berri, eta mezu argia jakinarazi zuen: boto emaileen %97,7k bozkatu zuten Papua Ginea Berritik irtetearen alde. Galdeketaren emaitzak ez dira lotesleak, eta,, hortaz, bi aldeetako ordezkari politikoak negoziazioetan murgilduko dira orain; Bougainvillekoek, behintzat, jarrera indartsuago batekin negoziatu ahalko dute, galdeketaren emaitzei esker.

Erreferendumaren batzordearen arabera, prozesua «garbia, bidezkoa eta nazioarteko arauen araberakoa» izan da. 207.000 pertsona zeuden bozkatzera deituta, eta horietako %87k baino gehiagok eman zuten botoa: «autonomia handiagoaren» eta independentziaren artean aukeratzeko eskatu zieten herritarrei galdeketan. Horietako 176.928k independentziaren alde bozkatu zuten, eta 3.043k baino ez autonomiaren alde; hau da, bozkatzeko eskubidea zutenen %1,68k.

Puka Temu Papua Ginea Berriaren Bougainvillerako ministroak atzo sinesgarritzat jo zuen galdeketa, baina «denbora» eskatu zuen «gainontzeko herritarrek onar dezatela».

Bougainvilleko Gobernuaren izenean, Raymond Masono presidenteordeak Reuters berri agentziari jakinarazi zion litekeena dela independentziarako prozesuak hamar urte inguru irautea: «Gure erakundeak berriz eraiki beharko genituzke». Bi aldeen arteko negoziazioetatik aterako den akordioak, gainera, Papua Ginea Berriko Parlamentuaren oniritzia beharko du.

Subiranotasun nahiak

Subiranotasuna gauzatzeko aukera 2001eko bake itunean geratu zen jasota. Bougainvilleko Gobernuak —bi urte lehenago sortu zen— eta Papua Ginea Berrikoak izenpetu zuten, eta 1989tik piztuta zegoen gerra giroari amaiera eman zion, bi aldeek su-etena 1998an adostu bazuten ere. Dena dela, Bougainvilleko biztanle eta eragile guztiak ez daude ados bi gobernuek lorturiko testuan.

Bougainville Asia hego-ekialdean dago, Salomon Uharteen inguruan, eta ez bakarrik geografikoki. Kulturalki eta linguistikoki ere haren barruan legoke, baldin eta kolonialismoaren garaian banatu zuten bezala banatu ez balute: Louis Antoine Bougainville Frantziako konde, esploratzaile eta nabigatzaileak eman zion izena, 1768an, eta alemaniarren esku geratu zen handik ehun urtera. Gero, 1915ean, Australiak okupatu zuen, eta, II. Mundu Gerran japoniarren esku egon eta gero, berriz australiarren mendera bultzatu zuten; 1949tik da Papua Ginea Berriko uharte bat.

Bougainvilleko herritarren independentzia nahia ez da berria: 1975eko irailaren 1ean gauzatu zuten aukera politiko hori, eta Salomon Iparraldeko Errepublika izeneko estatua osatu zuten. Baina, handik bi astera, Papua Ginea Berriak bere gain hartu zuen, eta horrela segitzen du oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.