Koronabirusa munduan

Generalitatea aztertzen ari da preso subiranistak etxera bidaltzea

Espainiako Auzitegi Gorenak ohartarazi du neurri hori «prebarikazio delitua» izan daitekeela

Lider subiranisten epaiketaren kontrako manifestazio bat. RODRIGO JIMÉNEZ / EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Kataluniako Generalitateko Justizia Kontseilaritzak espetxe arautegia aztertzeari ekin dio, hain zuzen, 100.2 artikulua oinarri hartuta. Horrela, ikusi nahi du ea lege aukerarik dagoen egunez lan edo boluntariotza egitera espetxetik irteteko baimena zuten presoek etxean pasatu dezaten konfinamendua. Horien artean egongo lirateke, besteak beste, Kataluniako lider subiranistak.

Ester Capella Justizia kontseilariak azaldu zuenez, kartzeletako tratamendu batzarrei agindu die ikertzeko ea legeak uzten duen posibilitate hori aplikatzen. Oraingoz, bigarren gradua dutenek egun osoa espetxean pasatu behar dute, berrogeialdia ezartzearekin batera irteerak bertan behera geratu zirelako. Azken hitza, edonola ere, Espainiako Barne Ministerioaren esku dago, hark baitu agintea alarma egoera ezarri zenetik.

Justizia Kontseilaritzaren arabera, neurri horren helburua kartzelak «arintzea» izango litzateke, eta, horrela, espetxe barruan birusa hedatzea eragoztea. Azken datuei erreparatuz, bederatzi presori eta hogei funtzionariori hauteman diote gaitza Katalunian, eta beste 34 daude zalantzan.

100.2an dauden atxiloak kartzelatik ateratzea «aurrekaririk gabeko larrialdi honetan hartu beharreko aparteko neurri bat» dela adierazi zuen kontseilariak. Horrez gain, zehaztu zuen neurri hori soilik berrerortzeko arrisku txikia eta etxebizitza bat duten presoengan aplikatuko litzatekeela. Egun, 100.2 artikuluari jarraikiz, 101 presok dute espetxetik irteteko baimena. Orain dela gutxi arte 157 ziren, baina horietako 56ri hirugarren gradua eman diete azken asteetan.

Testuinguru horretan, argi hitz egin zuen Capellak: «Nazio Batuen Erakundeak eskatzen digu, eta Justizia Sailak egun batzuk daramatza erabakiak hartzen eta inoiz korritu gabeko bideetan ibiltzen. Orain, hirugarren graduan dauden presoen %69 etxean daude konfinamendua pasatzen, baina ez da nahikoa, eta kartzeletan jende gutxiago egotea behar dugu». Urratsa egitea posible dela erabakiz gero, berehala aplikatuko litzateke hori, baina ondoren espetxe zaintzako epaileak abala eman beharko lioke.

Oraingoz, hirugarren graduan edo erregimen irekian dauden presoek soilik dute konfinamendua etxean pasatzeko aukera. Hain justu, Espainiako Barne Ministerioak martxoaren 18an bidali zien agindua kartzeletako zuzendariei. Dagokion tratamendu batzarrak banan-banan aztertu ditu kasuak, eta erabaki presoak zigorra bere etxean bete dezakeen ala ez.

Gorena, aurka

Ez zuen luze jo Espainiako Auzitegi Gorenaren erantzunak, eta asmo horiek erabat gaitzetsi zituen. Hala, adierazi zuen preso horiek askatzea prebarikazio delitu bat izan zitekeela. Hots, horien aurka erantzukizun penala galdegin ahalko zutela.

Auzitegi Gorenak jakinarazi zuenez, pauso hori ematen badute, dagokion araubide orokorretako batzar eta zentroetako zuzendaritza guztietara joko du organoak, eta horiek lehenbailehen argudiatu beharko dute erabakia justifikatzen duen oinarri juridikoa. Horrez gain, akordio hori babestu duten funtzionarioak identifikatu beharko dituzte.

Halaber, Gorenaren jokabide zorrotzari ironiaz erantzun zion Meritxell Budo Kataluniako Gobernuko bozeramaileak: «Norbaitek pentsa dezake prebarikazio delituak daudela, bai». Tonu berean aritu zen Andreu Van den Eynde abokatua ere: «Interesgarria litzateke ikustea ea aurrekari asko dauden non epaitegiak funtzionario batzuk jasan dezaketen zigorraz aritzen diren horiek egin behar dutena zurrumurrua baino ez denean».

Bestetik, Espainiako Gobernuak ez zuen baloraziorik egin nahi izan, eta adierazi zuen tratamendu batzarren eta espetxe-zaintzako epailearen esku zegoela erabakia: «Haiek dira instrumentuak dituztenak eta dakitenak atxilo bakoitza zer-nolako egoeran dagoen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.