maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Futbola

2018ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
Gizartearen opioa omen da futbola. Eta agian horregatik ez zait batere gustatzen haren inguruan sortzen den giroa. Dirua, gizonkeria, eta guztiaren gainetik gizartean duen nagusitasuna. Munduko Koparen telebista pantailetatik ere ihes egin dut, eta ozta-ozta ohartu naiz zein gertatu den irabazle, zein galtzaile... finalaren ordua iritsi den arte. Igandean, bai, sutsuki aritu nintzen Kroazia animatzen, okerrena gerta zitekeela susmatzen nuen arren... eta gertatu da: «On est les champions!».

Eta hor ikusi dugu, futbola ez dela bakarrik opioa gizartearentzat, aisialdi eta kontsumo ereduen aldetik; mundu gerlak nola, nazio gisa ere alienatzen gaituela. Ikusi ahal izan ditugu lotsarik gabe Frantziako banderak Ipar Euskal Herriko etxe eta tabernetatik zintzilik, eta baita, nola ez, Baionako herriko etxean ere, tamaina erraldoian proiektatuta.

Futbolaren izenean dena barkatzen diogu ingurukoari. Jean Rene Etxegarai Baionako auzapez eta Euskal Elkargoko lehendakariari, adibidez, Frantziako banderaren apologia egiteko eskubide osoa ematen diogu, eta inor ez da kexatzen. Futbol taldea animatzeko bada... Alta, irudika ezazue Donostiako udaletxean Espainiako bandera bat handian proiektatuta. Onartuko zenukete?

Orain poza izango dute frantsesek bolada baterako, champion-ak direlako munduan. Eta erraz ahantziko zaizkie Macronek errefuxiatuez, lanaz edota hizkuntzez erran eta egindakoak. Opioa zerbaiterako bada, arazoak estali eta ezkutatzeko baita. Frantziak berdin segituko gaitu asimilatzen, ordea; eta munduko txapelduna izatearen harrotasunez, agian orain are gehiago. Eta berdin segituko dugu gazteok Bordelera joaten ikastera, eta lan prekarioak egiten udan. Lagun batek ondokoari astelehenean erran zion gisan: «Frantziak irabazi dik bai, baina berdin segitu beharko duk lanean bihar ere pentsu zakuak erosteko». Opiozkoak ez badira, hobe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.