Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Hauteskunde likidoak

2019ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
Hannah Arendt-en ikasle izan zen Richard Sennett soziologoak dio bozkatzea gero eta hurbilago dagoela kontsumitzearen ekintzatik; sakelako bat erosten dugun bezala ematen diogula botoa honi edo hari. Bozkatzeko orduan era pragmatikoagoan egiten ei dugu orain; gure hautua ez da hain emozionala, gure botoaren eragina gehiago aztertzen dugu, eta dagoeneko «traizio ideologikoaren» kontzeptua gainditu dugula pentsatzen du Sennett soziologo ospetsuak. Kontsumitzaile politiko bilakatu gara. Sasoi eta pentsamendu likidoen eragina da, nonbait. Hori zioen Hágase la Luz irratsaioan Ekai Txapartegi filosofoak lehengo egunean. Datozen asteetan izango ditugun bost hauteskundeen (Europakoak, Nafarroako Gobernurakoak, udaletakoak, EAEko diputazioetakoak eta Espainiako Gobernurakoak) gainean ziharduen, eta azaldu nahi zuen zer joera berri dauden bozketa horien aurrean. Hots: hego euskal herritarrok ezberdin bozkatzea ez dela gauza arrotza izango, guk uste baino orokorragoa izango dela. Hori ote benetako trantsizioa? Gazteen erdiek ez omen dute bozkatzeko asmorik. Deskonexioa eman aurretik, ez dira konektatu. Beste borroka batzuetan daude. Borroka ekologikoan ote? Greta Thunber suediarrak nahikoa indar izango du gazteak borroka sozialetan sartu daitezen? Nahikoa zaie egungo politika antolamendu hau, ala hain berunezkoa ez den hezurdura garatuko dute? Beti datoz hurrengoak, eta orain arteko berriak zaharregi izan dira. Agian gu ere zaharregi ginen gazte ginelarik; beharbada oinordekotzan jaso genuen beruna baliagarria zitzaigun orduan, baina dagoeneko ez zaie aski gazteei; akaso guri ere ez. Beharbada horregatik, datozen bost hauteskundeetan ezberdin emango dugu botoa. Lázsló Krasznahorkai idazle hungariarrak emandako elkarrizketa batean zioenari eustea baino ez zaigu geratzen: hainbestekoa da informazioa, hain nahasia errealitatea, hobe baita poetek iragazten badute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.