Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Bazetorren, hemen da

2019ko uztailaren 4a
00:00
Entzun
Asko mintzatu da Nafarroako Gobernu berriak ekarriko dituen ondorioez. Iruñeko Udalean, Maiaren ekintza sinbolikoak ere aipatu dira etengabe: armadari Iruñeko etorbide bat berriz eskaintzea, jardunekoaren zein Espainiako errege ohiaren argazkiak udal hormetan nabarmen paratzea, baita alkatearen adierazpenak ere, zeinetan jakitera eman zuen «jende normalaren alde» lan eginen zuela—bistan da: armada, errege, errege ohia—. Iruñetik kanpo, Berriobeitin, herriko alkate berriak (Na+) homofobiaren aurkako zebra-bidea kolore normalez, zuriz, margoarazi du berriz —Ortzadarraren kolorez margotua zen lehen—. Egia esatera, pertsona gutxi harrituko zituzten ordezkariek hartutako erabaki horiek, Nafarroako eskuinak berezkoa duen mutur-muturreko pentsaera kontserbadorearen seinale anekdotikoak baino ez baitziren.

Aurreko zeinuek iragartzen zituzten neurri zehatzagoak eta benetan mingarriagoak hasi dira gauzatzen. Iruñeko Udal berriak bai Berdintasun, bai Gazteria teknikarien deialdiak bertan behera uztea erabaki du, euskarak pisu handiegia zuela deialdian argudiatuta. Udal lanpostuen %3k baino ez dute eskatzen euskarazko profila. %3. Pisu handiegia. Gehiegizko zama arintzeko asmotan, Hizkuntza Politika atala desagerrarazi du Maiak. Hala ere, ez du ematen euskara denik normaltasunaren aurkako agente bakarra, Berdintasun zinegotzigoa bera ere ezabatu baitu. Euskara eta genero berdintasuna eskuin ozpinduaren fobietakoak direla berretsi dute neurriek. Eta etorriko direnak: euskal ereduko haur-eskolen aurkako erasoa, mugimendu sozialaren jazarpena eta hiria berriz bere jabe legitimoei, autoei, bueltatzea. Nik dakidala, alkateak ez du etorkinen eta errefuxiatuen gaineko asmorik adierazi —Iruñea harrera-hiria da, eta hainbat akordio sinatuak ditu CEAR errefuxiatuen babeserako erakundearekin—, baina «jende normalaren aldeko» adierazpenak ez du deus onik iragartzen. Madrilen zein Iruñean izanen ote dituzte kontuan etorkizun posiblearen zantzu horiek guziak Nafarroako Gobernua osatzeko garaian?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.