Hedoi Etxarte
LARREPETIT

#03 Iraultzak

2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Boris Groysen aburuz, iraultza bat ez da gizarte berri bat eraikitzeko prozesu bat. Gizarte berriaren ekina iraultzaren osteko garaien helburua da. Iraultzen helburua «egungo gizartearen suntsipen erradikala da». Beraz ez, iraultzaileen bihotzetan ez dago mundu berrien hazia.

Etapa iraultzaile ezberdinak izan ditu Albaniak. Beren bi heroi nazionalek atzerriko inperioen kontrako borrokarekin dute zerikusia. 1970an Guy Ackermannek eta Pierre Demontek Le defi albanais dokumentala egin zuten (sarean ikusgai). Dokumentalean, Krujëko gaztelutikRobert Escarpit Le Monde-ko kazetari eta PCFko militanteak azaltzen du Albaniako lehenengo heroi nazionalaren historia. Skanderberg izan zen Otomandarren inperioaren kontra 1444tik borrokan aritu zen lehenengo burua. «Albaniarren Joana Arkukoa da», Escarpiten ustez, «berak bakarrik hartu zuen bere gain askapen nazionalerako borroka». Krujë izan zen albaniarren erresistentziaren abiapuntua 25 urtez. Escarpiten aburuz, Skanderberg «heroi europar» bat da, gerora egongo ziren errebolten aitzindaria zelako eta Europako mugak markatu zituelako.

Halere, Skanderbergen berritasuna, Albaniatik eta Balkanetatik kanpokoentzat, bere estrategia militarra izan zen: «Ez zen Feudalismoko printzeak bezala gotorlekuen baitan geratzen». Larreetan eta mendietan itxaroten zituen suntsitu nahi zituen otomandarren erretagoardiak: bera da gerrillaren aitzindaria.

Iraultza asko izan dituzte albaniarrek Kristo baino lehenago sortu zirenetik. Eta Skanderberg eta gero, berriro jaio ziren XIX. mendeko berpizkundean, eta Lehen Mundu gerraren osteko independentzian. Baina kultur iraultza nabarmenena 1944tik aurrera etorriko zen. Iraultza partisanoaren funtsa irakurtzen ez zekiten 10 gizonetik 8 eta 10 emakumetik 10 alfabetatzea zelako. Dritëro Agolli poetak etorkizuneko poetei idatzi bezala, beren bertsoetan ez ziren maitasunaz aritzen (nahiz eta gurinaz eta behiez aritu) zeren beren «inprimatzaileak lanpetuak ziren gauza garrantzitsuagoekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.