Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Mugarriak

2020ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Ez da mugarrietan denbora lar eman behar izozteko arriskua baitago. Edozelan ere, laburbilduma tenorerako tartea egiten dugu urtearen hasieran edota urteurren zehatzetan. Planifikatzaile bikaina izatetik hala moduzko inprobisatzaile izatera pasatu gara batzuk. Ingurura begiratuta berresten dut: egin genituen planik gehienak bizitzak suntsitu dizkigu. Geratzen garenok zahartzarora goaz oso argi izan barik bihar amaituko ote den gure geroa. Ez da dramatikoa, bizitza da; bakarra, hemen eta orain. Dagoeneko ez gara plan luzeak egiten ausartzen, eta amak esaten zituen esaldi amorragarriak ahosgoratzen hasi gara. Arrazoi zuelaesaten diogu ahuldadeak pitzatzen gaituenean. Esango nuke engainua sinistu genuen belaunaldikoak garela, alegia, dena zela posible, gure esku zegoela oro. Baina ez. Ez dago gure esku, inoiz ez da egon. Mugarrietara ailegatuta jabetzen gara gu ere, lantzean behin, izan garela simulakro, izan garela antzezle, izan garela mamu. Amorruak bizi gaitu ezintasuna gailentzen zaigunean, eta hankaperatzen gaitu guk nahi baino gehiagotan. Utopia guztiak suntsitu zaizkigu, posibilista bihurtu gara. Eta, hala ere, ez dugu etsi, ez gara amore eman zale; galtzaile kontziente bilakatu gara. Gero eta gutxiagotan (eta esango nuke erromantikotasunagatik egiten dugula egiten dugunean) barneratzen gara gerra galduetan. Sinesten dugun gauzen alde egiten dugu irmo eta zorrotz, oraindik ere. Aho txikian aitortzen dioguitxaropenari fedea. Mugarria izango da, baina beldur asko galdu ditugu, eta oinordetzan hartutako horiek astintzen ikasi dugu. Damuak, minak, pozak, garaipen urriak... denak sartzen zaizkigu bizkarreko zorroan, denekin bidaiatzen dugu. Identifikaezinak diren barne-ziloak psikologoekin edo lagunarteko garagardoekin konpontzen ditugu. Hau ei da bizitza, eta aurrera egitea baino ez dago; beste aukera okerragoa baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.