Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Jende eskuzabalaz

2020ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Ari naiz entzuten irratia eta behin eta berriro iragarki bat, Bilboko museo publiko batean erakusketa bat dagoela urriaren 12ra arte. Tartean daude Palazuelo eta Chillida, 1949an Parisen ehizan ibili zirenak. Argigarriena da iragarkia entzuten dudan bakoitzean oso garbi geratzen zaidala «Nafarroako Unibertsitateko Museoari eta Petronorren eskuzabaltasunari» esker egiten dela erakusketa, eta «gure ingurune kulturaleko bildumagintza pribatuaren adibiderik adierazgarriena» dela.

Iragarkia bukatzean, segitzen du saioak eta pentsatzen dut arte ederrak hainbeste maite dituzten senideetan. Eta beren zaletasunaren eta beren bilduma pribatuen adierazgarritasun faltan. Asko jota, gertuko artista baten erreprodukzio zenbakitu bat, sinaduraren bat, gogoko erakusketa baten katalogoren bat, postalak, erakusketetako eskuorriak (gogoratzeko baietz, une batez egon zirela artelanetatik gertu).

Zeren «bildumagintza pribatuaren adibiderik adierazgarriena» egiteko, inongo kazetarik aipatu ez duen bezala, zure aita izan behar da frankismoko konstruktore adierazgarri bat, gerra zibil odoltsu bateko eta berrogei urteko batere distira estetikorik gabeko diktadura bateko enpresari adierazgarri bat. Eta, hala, zure aita izango da, nagusiki, San Lorenzo de El Escorialeko Erorien Harana eraikiko duen enpresaren jabea, eta Madrilgo ministerioak egingo dituena, errepideak, ospitaleak, Nafarroa Garaiko obra inportante ia guztiak. Eta zure aitarenean utziko dute izerdia, aurpegia eta eskuak milaka lagunek Imenasan, Torfinasan, Mapsan eta Fadesan. Enpresa horiek eraikiko dituzte, gerora, espetxeak Perun eta ospitaleak Iraken.

Hori da eskuzabaltasunaren jatorria: 36ko odolzaleen faborea, milaka langile esplotatzea diktadura militar batean, denona zen lurra pribatizatu eta espekulatzea. Eskala astronomikoan.

Mezenasaren adibide adierazgarriagorik nekez Maria Josefa Huarterena baino.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.