Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Azken zutabea

2023ko uztailaren 29a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nire izaeraren gabezia nabarmenetako bat da moteltasuna. Ez hainbeste ekintzen exekuzioan baizik eta egoeren ulermenean. Esan nahi dut, adibidez, haur baten nondik norakoak ulertu ditudanerako haurrak jauzi egin duela beste jokamolde batera eta ikasitakoak ez didala bizitza aktiborako balio.

Gauza bera gertatzen zait esfera publikoan ere: idatzizko ala irratiko genero bat ulertzen hasten naizenerako hondarra aldatzen da, legea onartzen dudanerako berri bat dago indarrean milimetro hauetan.

Galderak beti dira berdinak: zer, norentzat, nola, norekin, noren kontra. Astero hautatu behar da: barruak ala kaleak agintzen du? Zutabegilea, Zizekek maitatutako pertsonari buruz esaten zuen bezala, unibertsotik hautatutako elementu bakan bat da, irrigarria. Ematen diote bozgorailu bat, batzuentzat musika da, besteentzat zarata, gehienei ez zaie kaioen intziria baino gehiago axola baina eskertzen dute urruneko hodeien eta lurraren artean norbait egotea sarraskia bilatzen eta zaborra jaten.

Niri gertatzen zait hamabi-bat urterekin Mendillorriko jaietan batman petardo harekin bezala. Batmanak lizpapertxo batekin pizten ziren, pospoloak bezala. Okertu nintzen eta lehertu nahi genuen txokolate beroz betetako kartoizko edalontzira lizpapera bota nuen eta petardoa eskuan gorde.

Ignacio Echevarríak behin esan zidan gero eta azkarrago idazten zituela zutabeak, ez da nire kasua. Nola ekoiztu zutabe bat galdetuko balidate, ez nuke irakasten jakingo. Beti da ezagutzen dudala uste dudan baina hutsetik hasten naizen zerbait. Batzuetan, eguneroko bizitza hankaz gora dudanean saiatzen naiz ezkutatuko banintz bezala idazten, baina berdin dio, argitaratuko da: molotov koktela itsasoari eta mezua duen botila poliziaren unitate ibiltariari jaurtiko banio bezala, akats guztiekin eta zuzentzeko aukerarik gabe.

Hau ez da zerbitzu bat baina publikoki gertatzen da. Eta nik eskerrak besterik ez dut, Merina Grisekin dantzatzen dugun bezala, Saiatzen naiz errekaldetar honen obsesioak, santutegitxo artistikoa eta klase kontzientzia nire neurea soilik ez dadila izan. Eta hau da ikasturteko azkena, irailean zaharrago, baina beti bezain eskarmentu gutxirekin, berriz huts egiteko asmoz, «modu hilgarriagoan» itzuliko naiz.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.