Greziako eskuin muturra migratzaile ehizan ari da. Logikoa bada ere garrantzitsua da nabarmentzea migratzaileen kontrako indarkeria (egin Marlaskak guardia zibilekin ala Greziako eskuin muturrak modu amateurrean) ez dela afera nazional bat, ez dela kulturala, ez dela kontu partidista bat, lan merkatuaren lehiari dago lotuta: «Jatorri desberdina duten lan indarren arteko lehia da» atzean dagoena (Edna Bonachich).
Tamalez, gaur egun kapitalismoaren logikan kokatzen diren ehiza hauek kapitalismoa sortu baino puskaz zaharragoak dira, hain zaharrak, tamalez norbaitek izango duela tentazioa pentsatzeko gizakiaren berezko ezaugarriak direla. Europan Erdi Aroko juduen ehiza etortzen zaigu gogora: «Jipoiak, suteak, kanporatzeak, masakreak». Gregoire Chamayouk grabatuak ere jaso zituen bere pertsona ehizari buruzko liburuan: Frankfurteko juduen kontrako ehiza 1614an, juduen kontrako ehiza Wurzburgotik Kopenhagenera 1819an.
Izan zitekeen Bidasoa, Arrotxapea, Lesbos ala Melilla: 2008ko apirilaren 4an Baba Traore etorkina poliziarengandik ihesi zihoan Joinville-le-Pont-en, ez zuen paperik. Ihesaldian bere burua ibaira bota zuen, oso larri atera zuten handik, bihotzekoak jota hil zen ospitalean.
Kontua da, Chamayouk egin zuen ikerketan (Gizaki ehiza. Botere zinegetikoaren historia eta filosofia) Grezia klasikoraino doala. Han jasotzen ditu hemen aipatutako adibideak baina beste asko ere. «Uste dut gu gizakiak etxabereak garela eta, baieztatzen dut badela gizaki ehiza». Aristotelesek Politika-n: «Esklaboak eskuratzeko artea, alegia, zilegi den artea, gerraren arteari dagokio ala ehizarenari». Alexandriako papiro batean idatzi zuten: «Esklabo batek ihes egin zuen: izena zuen Hermon, [...] siriar jaio zen eta hemezortzi bat urterekin, altuera arrunta zuen, ez zuen bizarrik, zango onak zituen eta elutxa masailean, orintxo bat sudurraren eskuinean, orbain bat ahoaren ezkerreko aldean, Barbaroen bi letra tatuatuta eskumuturrean, ekartzen duenak brontzezko bi talanto jasoko ditu».

LARREPETIT
Migratzaile ehizan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu