Peruko Kongresuak Martin Vizcarra presidentea kargugabetu du

Estatuburuak onartu egin du erabakia, baina esan du faltsuak direla aurkako akusazioak

Martin Vizcarra Peruko presidentea, atzo eginiko agerraldian. EFE.
Jone Bastida Alzuru.
2020ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Peruko Kongresuak Martin Vizcarra herrialdeko presidentea kargugabetu zuen atzo, gobernatzeko duen «ezintasun moral iraunkorra» argudiatuta. Haren aurkako mozioa bozkatu zuten parlamentuan, eta emaitza argia izan zen: aldeko 105 boto jaso zituen, hemeretzi kontrako, eta lau abstentzio —87 aldeko boto nahikoak zituen prozesua aurrera eramateko—. Ustelkeria ekintzak egitea leporatzen diote estatuburuari. Horiek horrela, Manuel Merino Kongresuko presidenteak hartu du haren tokia, behin-behinean; atzo egin zion zin karguari. Hauteskunde data mantenduko duela iragarri zuen Merinok, hori «atzeraezina» dela iritzita: beraz, dena ondo bidean, datorren urteko apirilaren 11n egingo dituzte presidentetzarako bozak.

Estatuburuaren kargugabetzea jakin bezain laster, Vizcarrak adierazi zuen onartzen zuela erabakia, eta berehala utziko duela jauregia: «Gaur [atzo] nire etxera joango naiz, nahiz eta gomendio asko dauden erabaki hori eragozteko legezko ekintzen bidez jarduteko». Jakinarazi zuen ez zuela bide hori hartuko. Hala, kontzientzia «lasai» duela esan zuen, eta berretsi faltsuak direla bere kontrako akusazioak. «Historiak eta herriak epaituko ditu haien erabakiak».

Ez zen espero zena izan Kongresuaren jokabidea, presidenteak mozioa gainditzea aurreikusten baitzen. Vizcarra, agindu bezala, goizeko lehen orduan agertu zen eztabaidara, bere defentsa aurkezteko, eta bertan ukatu egin zuen eroskeriarik jaso izana. Gogor kritikatu zuen bere aurkako kargugabetze prozesua: «Ez dago delitu baten frogarik, eta ez da egongo, ez baitut deliturik egin. Gertaera faltsuak dira, ez dira berretsi; hipotesiak dira», esan zuen presidenteak. Mozioa «arma politiko gisa» erabili izana salatu zuen, eta azpimarratu Peruren gobernabidea ezin zela etengabeko mehatxupean egon. «Peruk egonkortasuna, ordena eta batasuna behar ditu».

Orain dela bi hilabete, irailean, beste kargugabetze prozesu bati aurre egin behar izan zion presidenteak, baina orduan mozioaren kontrako botoa gailendu zen.

Bestelakoa izan zen Kongresuak atzo emandako erantzuna, eta estatuburua kargugabetzea erabaki zuten, ganberan dauden indar politiko gehienen babesarekin. «Gezurtia, immorala eta ustela» izatea egotzi zioten, baita Peruk bizi duen ezegonkortasun politiko guztiaren erantzulea izatea ere.

Merinok hainbat erronka izango ditu aurretik. Esate baterako, hauteskundeak antolatzea, COVID-19aren pandemia kudeatzea eta herrialdea jasaten ari den krisi ekonomikoari erantzutea. Hori, baina, giro zail batean egin beharko du, kongresua zatituta dagoelako, eta herria, haserre.

Protestak

Vizcarraren kargugabetzeak harrabotsa sortu du herrialdean, baita handik kanpo ere, eta kezkatuta agertu dira gertakari horrek ezegonkortasuna sustatuko ote duen. Limako San Martin plazan erabakiaren aurkako protestak egin zituzten, eta han egon zen Julio Guzman Morea Alderdiko burua ere: «Argi gera dadila. Hau ez da Vizcarrarengatik, Perugatik da», adierazi zuen. «Ez dugu zalantza gehiagorik nahi, nazkatuta gaude Kongresu honekin». Erabakiaren kontra agertu zen Ollanta Humala presidente ohia ere, «huts egin» dutela nabarmenduz.

George Forsyth presidente izateko hautagaiak argi hitz egin zuen: «Estatu kolpe mozorrotu bat da». Veronika Mendoza ezkerreko hautagaiak, berriz, mobilizatzeko deia egin zien herritarrei: «Ez dago beste ezer itxaroteko ustelduta dagoen klase politiko honengatik. Antolatutako eta mobilizatutako herritarrek soilik berreskuratu ahal izango dute demokrazia, eta jendearen bizitza eta duintasuna aurretik jarri». Gaineratu zuen herritarrek hautatu behar dituztela agintariak, eta ez kongresukideek.

Testuinguru horretan, ehunka herritar bildu ziren protesta egiteko. Vizcarraren aurkako akusazioak ikertzearen alde daude manifestariak, baina presidente kargua hutsik egotearen kontra, eta, hortaz, Kongresuak estatuburua kanporatzeko baliatutako prozesuaren aurka. Ez dute Merino onartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.