«Sorgin ehiza» baten biktima dela salatu du AEBetako presidenteak

Larrialdi egoera ezarri dute hiriburuan. Trumpen aldeko protestara deitu dute hilaren 20rako

Donald Trump presidente estatubatuarra, atzo, Etxe Zuritik irten berritan Texasera joateko. SAMUEL CORUM / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2021eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Demokratek bera kargugabetzeko prozesua hasiz geroztik, lehen aldiz hitz egin zuen atzo arratsaldean AEBetako presidente Donald Trumpek, eta ukatu egin zuen Kapitolioaren aurkako istiluak hasi aurreko hitzaldiak inor asaldatu izana. «Jendeak uste du esan nuena egokia izan zela», adierazi zuen estatuburu errepublikanoak, eta kritikatu «benetako arazoa» udan, George Floyd hil ostean, piztutako protestak izan zirela. Dimisioa emango duen galdetuta, berriz, ohartarazi zuen ez lituzkeela istiluak piztu nahi. «Politikaren historiako sorgin ehizarik handienaren jarraipena da hau. Izugarrizko haserrea eragiten ari da», salatu zuen estatuburuak, Mexikoko mugan egindako agerraldian.

Bitartean, zabalduz doaz datorren asteazkenean gerta daitekeenaren inguruko kezka eta beldurra. FBIak ohartarazi du Donald Trump presidentearen aldeko jarraitzaileen protestak espero dituztela, eta tartean milizia armatuak ere irten daitezkeela kalera, Washingtonen eta beste hainbat hiri handitan. 50 hiritan deitu dituzte protestak. Horiek hala, larrialdi egoera ezarri du gobernuak hiriburuan. Neurriak esku hartzeko bidea emango lioke Segurtasun Nazionalerako Agentziari, hala behar izanez gero. Larrialdi egoera urtarrilaren 24ra arte egongo da indarrean.

Bestalde, joan den asteazkenean Kapitolioan gertatutakoaren ostean, ikerketak zabalik jarraitzen du. Iturri ofizialek jakinarazi dutenez, bi polizia ikerketapean jarri dituzte, erasoan izandako jarrera dela medio. Haietako batek selfie-ak atera zituen istiluetan parte hartu zuten hainbat lagunekin, eta bestea MAGA Make America Great Again —Egin Amerika Berriz Handi— leloa duen txano batekin ageri da irudietan.

Trumpen jarraitzaileak Kapitoliora indarrez sartu ziren joan den asteazkenean, eta istiluetan gutxienez bost pertsona hil ziren, tartean buruzagi errepublikanoaren jarraitzaile bat eta polizia bat. Estatuburuak, ordea, mugimendu antifaxistari egotzi zion oldarraldia, eta hala adierazi zuen Ordezkarien Ganberako errepublikanoen buru Kevin McCarthyri egindako telefono dei batean. McCarthyk ukatu egin zituen estatuburuaren baieztapenak, eta MAGAkoak izan direla berretsi zion: «Ikusi nituen. Han nengoen». Bide batez, Joe Biden presidente hautatuarekin harremanetan jarri, eta harrera egiteko eskatu zion Trumpi. Izan ere, AEBetan ohikoa da legealdia amaitzear duen buruzagiak Etxe Zurira gonbidatzea presidente berria, eta hari ongietorriko harrera egitea; Trumpek, ordea, orain gutxi arte bozen emaitzak onartu ez dituenez, uko egin dio halakorik egiteari.

Eztabaida eta bozketa

Kongresuko behe ganberan atzo arratsaldean eztabaidatu eta bozkatu behar zuten Konstituzioko 25. eranskina baliatzeko eskaria. Prozedura Mike Pence presidenteordeak jarri beharko luke abian, argudiatuta Trumpek «osasun arazoak» dituela, eta ez dela gai presidente karguan jarraitzeko.

Demokratek eskaria herenegun egin nahi zuten aho batez, eztabaida eta bozketa ekiditeko, baina errepublikanoek oztopatu egin zuten ahalegina. Haien helburua da 24 orduko epea ematea Penceri estatuburua kargutik kentzeko, eta halakorik ez egitea erabakiko balu, epaiketa politikoarekin aurrera jarraitzea. Impeachment-erako prozedura atzo jarri zuten abian, Trumpen aurkako salaketa aurkeztuz.

Demokratek senatuan dute oztoporik handiena, han egin beharko bailiokete epaiketa politikoa estatuburuari, eta ez baitute, oraingoz behintzat, hura errudun jotzeko gehiengo nahikorik. Goi ganberako demokraten buru den Chuck Schumer New Yorkeko senatariak «munduko diktadore okerrenen pare» aritzea egotzi zion Trumpi, eta eskatu hura berehala kargugabetzeko: «Besteei egotzi die berak bultzatutako indarkeria. Haren jokabidea arbuiagarria izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.