Gerra Ukrainan

Luhansk galdu ostean, Zelenskik esan du ez diotela «ezeri uko egingo»

Putinek Errusiako armada zoriondu du, eta jakinarazi du Donetskeko borrokak areagotuko dituztela

Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea, atzo, Suitzan abiatu zuten diru emaileen konferentzia batean hitz egin aurretik. MICHAEL BUHOLZER / EFE.
ander perez zala
2022ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Errusiako armadak Luhansk eskualdearen kontrola hartu duen arren, Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak ez du amore eman. Hori da, behintzat, herritarrei helarazi dien mezua, agintariak atzo esan baitzuen ez diotela «ezeri uko egingo», eta Errusiako armadaren esku dauden eremuetara itzuliko direla. «Ukrainako armada pixkanaka ari da aurrera egiten Kharkiven, Khersonen eta itsasoan. Egun batean gauza bera esango dugu Donbassi buruz», adierazi zuen Zelenskik. Luhanskeko gobernadore Serhii Gaidaik ere antzeko adierazpenak egin zituen, garrantzia kendu baitzion etsaiaren garaipenari, argudiatuta ez dela «ezbehar kritiko bat» izan.

Sergei Xoigu Errusiako Defentsa ministroak herenegun jakinarazi zuen Lisitxansk hiria eta inguruak bereganatu zituztela eta, horri esker, Donbassen parte baten kontrola hartu dutela. Orain, helburua da beste eremua konkistatzea; hau da, Donetsk probintzia. Horretaz, Vladimir Putin Errusiako presidenteak Luhansken aritu diren soldaduak zoriondu zituen atzo, eta jakinarazi zuen Donetskeko borrokak areagotuko dituztela datozen egunetan. «Konfiantza dut beste norabideetan ere arrakasta izango dugula», adierazi zuen Putinek. Xoiguk Errusiako presidenteari esandakoaren arabera, armadako 2.221 militar hil dituzte asteotako erasoaldian.

Ukrainako inbasioa hasi baino hiru egun lehenago, Errusiak Donetskeko eta Luhanskeko herri errepubliken independentzia aitortu zuen, eta Putinek azaldu zuen Donbass osoa jotzen dutela horien eremutzat, eta ez soilik milizia errusiazaleen esku zegoena; hain justu, Moskuk aitzakia hori baliatu du herri errepubliken mugetatik atera eta milizia horiek kontrolpean ez zituzten Donbassko lurraldeak konkistatzen saiatzeko.

Kasurako, Donetsk administrazio militarreko buruzagi Pavlo Kirilenkok herenegun esan zuen Errusiako armadak eta haren milizia aliatuek eskualde horren %55 kontrolatzen dutela, eta, beraz, asko falta zaiela eremu osoa bereganatzeko. Horregatik, badirudi Errusiako armadak ez duela denbora galdu nahi, eta Kirilenkoren adierazpenaren egun berean bonbardatu zituen Donetskeko zenbait hiri; tartean, Sloviansk. Hori guztia, lurreko operazioa prestatzeko.

Bielorrusiaren rola

Bien bitartean, Ukrainako armadak Mendebaldeak bidalitako armak baliatuko ditu Errusiako armadaren kontra defendatzeko, baina Kiev beldur da Moskuk ez ote duen Bielorrusiako militarren laguntza izango.

Dmitro Kuleba Ukrainako Atzerri ministroa horretaz aritu zen atzo, uste baitu Bielorrusiako armadak ere esku hartuko lukeela Errusiakoak aurrerapauso garrantzitsuak emango balitu datozen asteetan: «Bielorrusiako armadak argi ulertzen badu Ukrainakoak serioski egin diezaiokeela aurre, sarrera modu guztietan atzeratuko du».

Iragan maiatzean, Ukrainako Atzerri Ministerioak adierazi zuen«oso urriak» zirela Bielorrusiak esku hartzeko aukerak, baina pixkanaka «handitzen» ari zirela. Atzo arte ez zuen ezer berririk esan horren inguruan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.