Danimarkako bozak azaroaren 1era aurreratu ditu lehen ministroak

Gobernua babesten duten alderdiek behartuta hartu du erabakia Mette Frederiksenek. Milioika bisoiren hilketak sorrarazi du krisi politikoa

Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksen, atzo. LISELOTTE SABROE / EFE.
Mikel O. Iribar - Mikel Elkoroberezibar Beloki
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Danimarkako lehen ministro Mette Frederiksenek hauteskundeak aurreratu ditu azaroaren 1era, gobernu sozialdemokrata babesten duten alderdiek hala behartuta. Hortaz, aurreikusi baino zazpi hilabete lehenago egingo dituzte bozak. Gobernuak duela ia bi urte agindutako bisoien sakrifizio masiboak eragin zuen krisia. Alderdi Sozial Liberalak —gobernuari babesa ematen dioten indarretako batek— orain aste batzuk ohartarazi zuen Frederiksenen aurkako zentsura mozio bat aurkeztuko zuela baldin eta urte politikoaren hasieran bozetara deitzen ez bazuen.

Frederiksenek, berriz, atzo egindako agerraldian esan zuen «bitxia» egin zaiola hauteskundeak aurreratzea «energiarekin, ekonomiarekin eta segurtasunarekin lotuta dagoen nazioarteko krisi baten erdian egonda». Bozak irabaziz gero bere alderdiak gobernu zabal bat osatzearen alde egingo duela ziurtatu zuen. «Prest gaude bai konpromisoetarako, bai lankidetzarako, garai zail honi aurre egiteko. Garaia heldu da Danimarkan gobernu berri bat osatzeko», nabarmendu zuen Frederiksenek.

Alderdi Sozialdemokratak parlamentuko 149 eserlekuetatik 49 eskuratu zituen azken bozetan —2019an egin zituzten—. Alderdi Popular Sozialistaren hamabost eserlekuen, Alderdi Sozial Liberalaren hamalauen eta Aliantza Gorri-Berdearen hamahiruen babesa izan du gehiengoa osatzeko.

Danimarkako Gobernuaren eta babesten zuten indarren arteko krisia bisoi batzuen hilketak piztu zuen. 2020ko udazkenean, Danimarkako osasun agintariek jakinarazi zuten bisoietan aurkitutako koronabirusaren mutazio batek arriskuan jar lezakeela COVID-19aren aurka egiten ari ziren txertoen eraginkortasuna.

Ondorioz, gobernuak erabaki zuen bisoi guztiak sakrifikatzea —hamabost bat milioi—, eta animalia horiek bi urtez heztea debekatu zuen.

Babes juridikorik gabe hartu zuen neurria gobernuak, joan den ekainean argitaratutako txosten batek adierazi zuenez. Alderdi Sozial Liberalak orduan kritikatu zuen gobernua. Izan ere, Danimarka da munduan bisoi larru gehien esportatzen duten estatuetako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.