maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Momentutxoak

2019ko uztailaren 17a
00:00
Entzun
Oporrak izan zein ez, udako egun luze eta eguzkitsuek badute zerbait, nola erran... zerbait berezia. Pasatu berri diren Iruñeko sanferminetan hitz berezia eta guzi dute erran nahi dudana adierazteko: momentiko-a. Eta ez naiz iruindarra, baina iruditzen zait hitza ongi ulertu badut horrelakoz betea dagoela uda, hain zuzen: unean bertan baino bizi ezin diren momentuz; azaltzen zailak diren, eta azalduta ere grazia galtzen duten horiez, bizi eta kito egin behar direnez.

Ez da kasualitatea izanen sanferminetan asmatu izana hitza, herriko bestak halakoz beteak baitaude. Parranda ez baita alkohol edan huts bat, ezpada egun zein gaueko gertakari ederrez beteriko zerbait. Kasualitatez lagunartean egiten den bazkari bat, kuadrillakoen arteko bermuta, danborra jotzean elkarri egindako irribarre konplizeak, txaranga bat agertzea gutxien espero duzunean, kontzertu bat entzutean sentitzen duzun zirrara, parekoak zer pentsatuko duen burutik pasatu ere egin gabe dantzan hastea, bestondoz egin eta erraten diren txorakeriak, aspaldiko lagunekin ordu txikitan mundua konpontzea, gauak eraman zaitzala aurreikusiko ez zenukeen lekuetara. Edo bertze mila gauza.

Eta, bestatik kanpo ere, zenbat halako momentu, udan baino bizi ez ditugunak. Hondartzara joan eta uretan gora begira begiak itxita flotatuz arnasa hartzea, hondarretan etzatea norbere arnasaren kontziente; mendiko ibilaldietako izerdia eta ondorengo garagardo limoiduna; afalondo izartsuetan izarrei begira erretako zigarroa, Tour-eko helikopteroaren doinuaz egindako siestak, edota liburu bat irakurtzea eguzki-itzalpetan, azken orriraino iristeko irrikaz.

Ederrak dira momentuok guziak, azaltzen zailak, eta azalduta ere grazia galtzen dutenak, edo ez lortzen behintzat daukatena bezainbat, bizi eta kito egin behar baitira. Aukera duenak goza ditzala, ohartu orduko iraila ate joka dago eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.