garbine ubeda goikoetxea
LARREPETIT

Olinpiar Jokoak

2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Ez naiz inoiz lehiaren zalea izan, ez kirol kontuetan, ez gainontzeko jardunetan ere, baina aitor dut bertsolari txapelketa nagusiari begiratzen diodan bezala erreparatu izan diedala Joko Olinpikoei, alegia miresmenez, kasik liluraz, lehiaren makurra bazterrean utzita. Norbanakoaren patu eta ahaleginean sinestera eraman izan naute, nire baitan ez ditudan gaitasunak bekaitz arrastorik gabe goraipatzera,eta batez ere, kirol profesionala esaten dugun espektakulu-sistema horretan oso goian ez dauden jardunak balioestera.

Olinpiar Jokoei esker ezagutu nituen Carl Lewisen balentriak,Haile Gebrselassieren historia, Marion Jonesen potentzia edo Florence Griffith beti ondo makillatuaren abiadura. Joko Olinpikoena hitzordu saihetsezina izan dela esango nuke, nola kirolzale porrokatuentzat, hala gainerako fedegabe guztientzat ere, olinpiar sua pizturik, ez baitzen zentimetro ziztrin bakar bat ere gelditzen haien irradiaziotik libratuko zenik.

Arrunt bestela doaz Japoniakoak. Albistegietan nekez hartzen diote aurrea hondamendiei, COVID-19aren gaineko zifrei, kasuei, pikareskari. Espektakulu gisa, gatz-piperrik gabeko norgehiagokak bilakatu dira probetarik asko, hainbat parte-hartzaile izurritearen bortxaz etxera itzularazita, zuzeneko emisioen ordutegi petralaren erruz edota publikoaren euforiarik gabe, epaileen aurreko azterketa aseptikoak ziruditelako, beste ezer baino gehiago.

Agian arrazoia eman beharko litzaieke ekimenaren aurka purrustadaka aritu zirenei, eta litekeena, urtebetez atzeratu diren olinpiar joko hauen balantze ekonomikoa benetan zein den inoiz ez jakitea, baina inpresio batek bederen poztu nau: gure gainetik dauden estatuek besteetan baino gutxiago gizendu dute beren epika nazionalista sutsua, dena delako kirolaren gailurrean toki bat egin nahi duten parte-hartzaileen kontura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.