Samara Velte.
LARREPETIT

Twitter memoria

2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Itzuli da iraila, hutsik egin gabe, bere lehenbiziko eurite eta haur eskolako mukiz kargatuta. Lankideek utziko diote behingoz argazki eguzkitsuak Instagramera igotzeari, #OporOstekoDepresioa traolarekin; eta udan irlarik zapaldu ez dugunok «Ekarri ba oporrak, hain txarrak badira» murmurikatuko dugu, duela gutxi Gomerari buruzko dokumental eder bat ikusi genuela komentatzen dugun bitartean.

Izan ere, guk, udako bidaia luzeena Teleberrin barrena Afganistanera egin dugunok, bestelako argazki batzuk pilatu ditugu. Bat datorkit bereziki burura: guraso afganiar bat, jendetzaren artetik ume ninia airera altxatzen, soldadu estatubatuar baten eskuetara, hark harresiaren bestaldera, mundu librera, salba zezan. Edo ideia beraren beste formatu bat, lehenbizikoa ulertu ez duenarentzat: soldadu amerikar heroiko bat, bere hegazkin hutsean eserita, Kabulgo aireportuko kaosetik atseden une bat hartuz, haur txiki bat besoetan kulunkatzeko. Horretara joan ohi baitira militarrak planetaren beste muturrera: haurrak lokartzera.

Liluragarria bezain beldurgarria da irudi batzuen gaitasuna kontakizunak eraikitzeko, ordura arteko errealitateak ukatzeko, iragana zuritzeko eta ahazteko: «Bagoaz, segurtasunaren eta etorkizunaren bermatzaileok, atzerakadaren zuloan erortzear den herrialdea salbatzera». Memoria pittin bat duen edonor irainduta sentituko litzateke: ez da Trivialeko aditua izan behar gogoratzeko AEBek hogei urte pasatu dituztela herrialdea bonbardatzen, eta biktima gehienak zibilak izan direla; aski da urtebete atzera egitea. Baina kontakizuna aldatu da, eta hemen ez da ezer gertatu. Historia goizero hasten da, nonbait, hutsetik. Irudi luke ez daukagula Twitterreko pantaila bateko scroll batek baino memoria luzeagoa, ezta istorio konplexuak entzuteko gogorik ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.