Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Gerora begiratuz ilun baitago dena

2021eko irailaren 4a
00:00
Entzun
Arrotxapeko Marcelo Zelaieta karrikan 2016ko urrian Iruñeko udaltzainek eta Espainiako Polizia nazionalak elkarlanean Elhadji Ndiaye hil zuten. Nafarroako auzitegi gorenaren autopsiak ezetz erabaki zuen, gizon heldu bat baino gehiago indarrez beste baten gainean egonda ez dela bortizki etorkin bat hiltzen.

Chicagon Laquan McDonald hil zuen poliziak 2014an. Ndiaye hil zuten espaloitik zentimetro batzuetara, Mineapolisen George Floyd hiltzeko teknika erabili zuten Arrotxapeko gaztetxearen alde zebiltzanak atxilotzeko. Polizien belaunak pertsonen lepoetan, begiak erauzteko pilotak, bizkarrak zartatzeko borrak. Egun argiz, gazte autoktonoen kontra, Nafarroa Garaiko eta Espainiako Erreinuko parlamentuetako indarren babes ia erabatekoarekin. Hemen zentro ezker progresistatik eta han inoizko gobernu ezkertiarrenetik.

Afera teknikoa dela pentsatzeko inertzia izan dezake inork. Eredu poliziala dela kontua. Alegia, poliziek pilotak gerritik behera bota behar dituztela, eleganteagoa delako barrabila galtzea begia baino, esan behar zaiela zangoa lepoan ez jartzeko baizik eta saihetsetan diskretuagoa dela neumotorax bat eragitea itotzea baino. Ala zakurrei zira jarri behar zaien, zaldia ala bizikleta.

Baina Bertolt Brechten klasikoan irakur dezakegu. Poliziak jendea zauritzen du, heriotzarekin mehatxatu ez sadikoak direlako. Ez: «Produkzio bideen jabetza pribatua mantentzeko torturatzen dute. [...] Tortura estigmatizatzen dutenek uste dute berau ez dela ezinbestekoa egungo jabetza formak mantentzeko». Adibide gutxi daude Arrotxapekoa bezain adierazgarriak: Nafarroako jende xehearen aurrezkiekin eraikitako banku publikoaren ustelkeriaren bidezko pribatizazioa, bankuak espekulatzeko nahi du orubea. Horregatik oldartzen da polizia, kapitalismo parlamentarioa, estatua den klase ertainaren logika defendatzen duelako: zubipeko besta espontaneoaren, vogue jaialdikoen ala gaztetxe baten kontra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.