nerea loiola pikaza
LARREPETIT

'Automonoak'

2022ko irailaren 1a
00:00
Entzun
Kafesne bete kikara eskuan eseri da logelako mahaiaren parean, eta ordenagailua zabaldu du. Autonomoa da gaurtik aurrera, autore autonomoa. Lehen aldia du lanerako ordutegi jakinik gabe. Autonomia, autogestioa. Ez da egia, badu ordutegia: lan egin dezake goizean haurrak eskolara eraman eta eguerdian jaso bitartean, eta bazkalostean, berdin, eskolara eraman eta jaso bitartean. Hori, bezperan bazkaria prestatzeko astia izan badute, arropa zikin askorik ez badago eta, noski, haurrik gaixotzen ez bada. Beldur da autogestioa ez ote duen autokongestio bihurtuko maizegi.

Gatozen gaurkora baina, gustura dago kafetxoarekin, eroso etxeko arropatan. Autozaintza. Artikulu bat idatzi behar du, asteroko lanaren estreinaldia. Zalantza egin du zuzenean gai bati heldu edo bere burua aurkeztu beharko lukeen. Bigarrengo aukerari heldu bezain laster damutu da. Autozentsura. Edo autodefentsa.

Artikulurako gaia aukeratu eta arropa-garbigailuaren soinua: «bost minututan zabalduko ditut». Autoengainua. Ordenagailura itzultzean bi mezu sarrera-ontzian: gestoriakoa bat eta Emekin-ekoa bestea. Batak, ziurtagiri bat behar dutela agudo, besteak, badutela emakume ekintzaileentzako tailerrerako data. Gurasoei laguntza eskatu beharko die, berriz ere. Mezua bidali dio amari. Gizarte Segurantzako webgunean sartu da, «ziurtagiria lortu eta berehala jarriko naiz iritzi artikuluarekin». Autofikzioa. Kafesnea hotza dago. Mikrouhin labearen ondoan dela, deia: argitaletxekoak, testu bat bidaliko diotela berrikusteko, presazkoa da. Telefonoz saiatu da ziurtagiriarekin, ordenagailuz ostera ere. Beste mezu bat sarrera-ontzian, tailerreko datarekin erratu egin direla. Amari idatzi, ziurtagiria gerorako utzi eta artikuluari heldu dio. Juramentu bat atera zaio erlojua ikustean: haurren bila joateko ordua da.

Eskolara bidean, duela gutxi esan ziotena gogoratu du: Autonomo? Bai zera, ongi etorri automonoen mundura!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.