Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Pikutara musika herrikoia

2022ko irailaren 10a
00:00
Entzun
Sareetan zabaldu zen, ez dakit ze dimentsiotako afixa beltz bat, letra xuriekin eta goian bost puntako izarrarekin, serifadun tipografia, ETAren aldeko aldarri egiten zuten Denok eman behar dugu zerbait batzuek dena eman ez dezaten jartzen zuten horietakoarekin egina: Gora musika herrikoia, pikutara regetoia. Elorrion eskegi omen zuten eta sareratu irailaren 3an.

Egindako irakurketa gehienak oso zorrotzak izan dira. Nahiz eta onena litzatekeen afixa egin dutenekin kafea hartzea. Nahiz eta solasaldian oso zaila izango litzatekeen afixak duen proiektu xenofoboa («regetoia herrikoia da, baina ez herri honetakoa», beraz «pikutara») eta klasista ukatzea.

Bada aldarriaren egileekin, kafean, eskatuko nieke egiteko mesedez haientzako musika herrikoia haragitzen duten hogei abesti. Ia seguru, trikitixatik jotzekotan egongo zela langile klase italiarraren itzala, rock amerikarraren enegarren kopia kaxkarrean zuritutako beltzen musika. Zeren ez da egon, «herrikoi» Euskal Herriari aplikatzen badiogu, inolako ekarpen nabarmenik musikari egin zaiona. Salbuespena Eibarren organoari egindako afera mekaniko bat izan omen da.

Halere, tamalez, afixa egin zutenek arteaz hitz egiteko posizio landurik izango ez dutenez, ziurrenik interesgarriagoa da Martin Ziarrusta abeslariak plazaratutakoa: afixak dikotomia galtzaile bat planteatzen du, borroka armatuaren zikloan egon zen musika ziklo hura bukatuta betikotzearen eta musika behar duelako inolako kriteriorik gabe mainstream-ak botatzen dion edozer irenstearen artekoa.

Eztabaidak badu alde bat gehiago, jakinaren gainean, Badiouk esaten duen bezala, arte piezek konboka ditzaketela gauzak beren testuinguru historikoa erabat agortu eta aldatu denean ere. Gozatzen du ateoak requiema, gudarako deia pazifistak eta dollarraren aldarria austeroak. Afera da, halere, nostalgiak ezin duela funtsean politikak soilik eusten zuen canon bat eutsi. Ion Celestinok esaten duen bezala: «Ereserki berrien garaia da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.