Ekuadorko protestek Morenoren eta Correaren eztabaida azaleratu dute

Correa presidente ohiak irtenbide demokratikorik nahi ez izatea egotzi dio Moreno presidenteari

Indigena talde bat Ekuadorko Parlamentuaren kanpoaldean protestan, herenegun, Quiton. JOSE JACOME /EFE.
Paulo Ostolaza.
2019ko urriaren 10a
00:00
Entzun
«Gobernuak hartu dituen neurriak alboratzen ez baditu, protestek jarraitu egingo dute, eta alboratzen baditu, berriz, hautsi egingo du Nazioarteko Diru Funtsarekin duen akordioa». NDF edo herritarrak. Hala laburtu zuen Rafael Correa Ekuadorko presidente ohiak Lenin Moreno egungo estatuburuaren gobernuak duen egoera. Correak atzo egin zituen adierazpenok, Morenoren etsai politiko bilakatu denak.

Astebete baino gehiago igaro da jada Ekuadorren protestak hasi zirenetik. Moreno presidenteak iragarritako neurri ekonomiko batzuek eragin dute gatazka, tartean, erregaiei diru laguntzak kentzeak; kasu batzuetan bikoiztu ere egin da prezioa. Ondorioz, itxita daude errepide asko; milaka pertsona Quito hiriburura mobilizatu dira protestetan parte hartzeko; ehunka atxilotu eta zauritu eragin dituzte protestek; eta, gutxienez, hildako bat ere utzi dute.

Lagun handiak ziren Rafael Correa eta Lenin Moreno duela bi urte eta erdi, batak besteari aginte makila eman zionean, eta, orain, herrialdeak bizi duen gatazkaren bi alderdiak dira. Halaber, manifestari askok ez Correa ez Moreno dioten kartelak daramatzate.

Europako Parlamentuan hitz egin zuen Correak, Bruselan—bertan bizi da gaur egun—. Ekuadorko egoera izan zuen hizpide, eta Morenok eginiko adierazpenei erantzun zien, protestak babestu zituela eta estatu kolpea jo nahi izatea egotzi baitzion presidente ohiari: «Eurak dira kolpea jo dutenak. Konstituzioak halako egoeretarako irtenbide demokratikoa eskaintzen du, bozak aurreratzea; badakite aise galduko luketela eta nahiago dute herrialdea salbuespen egoeran mantendu irtenbide baketsu eta demokratiko bat bilatu baino».

Morenoren bilakaera politikoa kritikatuz amaitu zuen Correak: «Herri baten borroka da, NDFren aginduetara bere hauteskunde programari traizio egin eta neurri neoliberalak ezarri dituen gobernu baten aurka». Protestara irten diren herritarrei bere babes osoa adierazi zien.

Moreno presidenteak, berriz, adierazi zuen protestak «asmo politiko baten emaitza» direla, ez herritarren haserrearen ondorio. Biolentzia Correaren aldekoengandik datorrela ere gehitu zuen.

Gatazka ekonomikoa

Moreno egungo presidenteak boterean daraman bi urte eta erdian bizi izan duen krisirik gogorrena da. Hasiera batean garraio sektorekoak ziren protestetako eragile nagusiak —dieselaren prezioa galoiko 0,94 eurotik 2,09ra igo da neurri ekonomiko berrien ondorioz—, baina orain indigenek hartu diete erreleboa. Eurak izan ziren asteartean ordubetez Ekuadorko Parlamentua okupatu zutenak.

Salbuespen egoeran jarraitzen du Ekuadorrek Moreno presidenteak grebaren lehen egunean hala ezarri zuenetik, urriaren 3an. Herritarren zenbait eskubide urratzeko baimena ematen dio horrek gobernuari, konstituzioaren arabera: besteak beste, zirkulazio, informazio eta elkarretaratze askatasunak. Adibidez, herenegun, eraikin estrategikoen inguruko zirkulazio guztia eten zuen Ekuadorko armadak, gaueko zortzietatik goizeko bostetara.

Orain arte ez du inork bitartekari lana egin, eta, azkenean, Nazio Batuen Erakundea eta Apezpiku Konferentzia arduratuko dira indigenen eta gobernuaren arteko bitartekari lanak egiteaz.

Ekonomikoa da gatazka. Ekuadorren egoerak okerrera egin du2014. urteaz geroztik, nazioarteko krisiak eta petrolioaren prezioaren beherakadak izan duten eragina dela eta; gainera, lurrikara lazgarriak ere jasan ditu herrialdeak. Hori da Moreno presidenteak NDFri eskatutako 3.650 milioi euro baino gehiagoko kredituaren jatorria. Orain, erregaiei diru laguntzak kentzeaz gain, funtzionarioen lan baldintzak okertuko ditu, kontratazioa sinplifikatuko du eta, besteak beste,makineriaren muga zergak kenduko ditu. Estatuari dirua aurreztea eta NDFrekin adostutako neurriak betetzea dira helburu nagusiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.