Iranek ez dio lagunduko NBEri protestetako errepresioa ikertzen

NBEk misio bat sortu du Mahsa Aminiren aldeko mobilizazioetako errepresioa ikertzeko. Protestetan 300 lagunetik gora hil dituzte

Irango emakumeen aldeko protesta bat, Istanbulen (Turkia), larunbatean. ERDEM SAHIN / EFE.
maddi iztueta olano
2022ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Mahsa Amini gazte kurduaren heriotzaz geroztik, Iranen gora baino ez dute egin kaleko protestek. Azken bi hilabeteotako mobilizazioetan 15.000 lagun atxilotu dituzte, eta 300 inguru hil horien artean, 40 haur. Protesta horien aurkako errepresioa eta giza eskubideen urraketak ikertzeko, misio independente bat sortu zuen NBE Nazio Batuen Erakundeak ostegunean. Irango Gobernuak, ordea, atzo goizean iragarri zuen ez duela misio horretan lan egingo.

Iranen jarrerak ez du harridura eragin nazioartean. Izan ere, NBEren erabakiaren berri izan ostean, Naser Kanani Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak adierazi zuen Iranek ez duela «inoiz» talde horrekin giza eskubideen inguruan lan egingo, eta «abusutzat» jo zuen neurria. Are, Irango agintariek iragan astean jakinarazi zutenez, gobernuko, botere judizialeko, parlamentuko eta beste zenbait erakundetako ordezkariek osatutako ikerketa misio bat eratu zuten protestekin lotutako gertakariak ikertzeko. Horiek hala, Kananiren arabera, «ez da beharrezkoa NBEk bere ikerketa propioa» abian jartzea.

NBEren Giza Eskubideen Kontseiluan onartu zuten Irango Gobernuari egotzitako errepresioa ikertzeko talde independente bat sortzea. Horren alde bozkatu zuten 25 herrialdek, abstentzioa eman zuten hamaseik, eta aurka agertu ziren sei. Kuba, Eritrea, Armenia, Pakistan, Venezuela eta Txina izan ziren, hain justu, ezetza eman zuten estatuak.

Errua, nazioarteari

Kananik Alemaniari egotzi zion proposamenaren sustatzaile nagusietako bat izatea. Izan ere, Islandiarekin batera, Alemaniak aurkeztu zuen NBEko Giza Eskubideen Kontseiluaren bilera berezia eratzeko deialdia. Bozeramailearen ustez, ordea, «bi mundu gerra piztu dituen herrialde batek ezin du halako aldarrikapenik egin». Mobilizazioak indartu ahala, Iranek herrialdean protestak hauspotzea leporatu die zenbait herrialderi, hala nola AEB Ameriketako Estatu Batuei, Israeli, Frantziari eta Alemaniari.

Dena den, Teheranen biltzeko deia egin zion Kananik Alemaniako enbaxadore Hans-Udo Muzeli, eta enbaxadoreak gonbita onartu zuen. Mobilizazioak hasi zirenetik egindako hirugarren bilera izan zen atzokoa.

Amini gazte kurduaren heriotzagatik hasi ziren protestak Iranen. Moralaren Poliziak «beloa gaizki jarria» izateagatik atxilo eraman zuen, eta ordu gutxira hil zen. Poliziak «bihotzeko baten ondorioz» hil zela esan zuen, baina familiak birritan berretsi du gazteak ez zuela osasun arazorik. Ordutik, 300 lagunetik gora hil eta 15.000 lagun atxilotu dituzte. Preso eramandako horietatik seiri heriotza zigorra ezarri diete.

Egunek aurrera egin ahala, bestelako aldarrikapenak egin dituzte kaleetan. Aminiren heriotzak sortutako haserrea adierazteaz gain, 1979an sortutako errepublika islamikoa amaiarazteko eskatzen dute manifestariek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.