Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Jo ezazu berriz, Dimitri

2018ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Iruñeko Kale Nagusia sanferminetako asteazken buruzurian. Ia anplifikaziorik gabeko txaranga bat, gitarra eta baxuarekin lagunduta. Iruñerrikoak dira, XXI. mendean jaioak, hasi aurreko solasaldian entzuten da «Goi mailako kontserbatorioa» eta «sarrera-froga». Eta ez du huts egin Elektrozarata taldeak: ia kolapsora iristen den ska azkar baten xehagailu bat bi orduz martxan. Baina nota bakoitza bere tokian. Denak dira bertsioak. Gehienak EHko kantagintzakoak, elementu nabarmen batek batzen ditu guztiak: ez dago 2010eko hamarkadako kantu bakar bat —salbuespena 2011ko La Pegatinaren Maricarmen eta Jon Maiaren hitzekin egindako Aurrera Altsasu, 2017koa—. Aurreko hamarkadako abesti bakanak errepertorioan —Fermin Muguruzaren Inkomunikazioa ereserki bihurtua eta Ken Zazpiren Ilargia ska erara—. Eta, beraz, corea 90eko hamarkadako kantek osatzen dute eta 80ko batzuk: Gozategi, Betagarri, Maixa ta Ixiar...*

Osteguna: operazio bera. Gasteizko Ttek elektrotxaranga. Euskal errepertorioari gehitu dizkiote modako abesti latinoamerikarrak. Eta bezperan bezala, ezin da ulertu soinu paketatze bikain hori «bajera batean bakar-bakarrik ikasi dute» praktikaren barnean, ez, hemen ere nabarmena da bertuteak zerikusia duela musikaren irakaskuntza publikoarekin. Alegia, Hegoaldeko musika eskolek txarangetara ere eramaten dutela erritmoarekiko maitasuna eta edonori ematen diotela soinuaz jakiteko aukera.

Halako batean, behi bat Parisko aldiri proletarioetan bezala, puxika erraldoi bat Donibane eta Ezkaba bereizten dituen hutsune horretan bezala: Xostakovitxen bigarren valsa jo zuten, motel, azkar eta zoro. Eta iraultzaren satorrak bezala atera zuen Dimitrik burua, hogeita batgarren mendeko haur horien tresnekin, esklaboen lan baldintzekin ari diren senegaldarrei eta boliviarrei irribarre bat eragiten.

*EHko ereserkiak egiteko makina izoztuta dago duela bi hamarkadatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.