Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Karl Marx odola isurtzeaz

2018ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
1879ko urtarrilaren 5ean The Chicago Tribune-n Karl Marxi egindako elkarrizketa bat argitaratu zen. Londongo Haerstock Hillgo etxetxo batean egin zioten elkarrizketa hura, aurreko urteko abenduaren 18an. Elkarrizketa hura 1964an aurkitu zuen Luis Lazarus ikertzaileak, baina ezin izan da argitu nork egin zuen (Espiando a Marx: 2018 Viejo Topo).

Elkarrizketatzailea bizpahiru alditan joan zen Marxekin solastatzera eta beti aurkitu zuen liburutegian «esku batean liburu bat, bestean zigarreta». Elkarrizketatzailearen arabera, pertsona bat epai daiteke irakurtzen duenaren arabera. Begirada azkar batean ikusi zituen Shakespeare, Dickens, Thackeray, Molière, Racine, Montaigne, Goethe, Voltaire, Paine, diplomazialari ingeles, estatubatuar eta frantsesen dokumentuen bildumak, liburu politiko eta filosofikoak errusieraz, alemanez, gaztelaniaz, italieraz.

Solasaldiko une batean Marxek Parisko Komunaren kontra esandako gezurren kontra egiten du. Nabarmentzen du Komunak hirurogei lagun exekutatu zituela, eta Mac Mahon mariskalak hirurogei mila hil zituela. Horren harira, kazetariak galdetzen dio ia sozialistentzat odola isurtzea beren helburuak erdiesteko ezinbesteko bidea den: «Ez da mugimendu handirik egon odola isuri ez duenik, bakar bat ere ez. AEBek independentzia odola isuriz hasi zuten; Napoleonek Europa odolaren bidezko ekintzekin konkistatu zuen eta modu berean garaitu zuten. Italiak, Ingalaterrak, Alemaniak eta beste edozein herrialdek antzeko adibideak eskaintzen dituzte. Bestetik, hilketa ez da inongo berrikuntza. Orsini Napoleon hiltzen saiatu zen, baina erregeak dira inor baino gehiago hil dutenak. Jesuitek hil egin dute, Cromwellek gidatutako puritanoek hil egin dute, eta horiek guztiek sozialismoari buruz hitz egiten hasi baino askoz lehenago jardun zuten. Orain, irudi luke erregeen edota estatuburuen kontrako atentatu guztien ardura sozialistena dela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.