Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Harrotasuna eta aurrejuzguak

2018ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Whatsappez jasotako mezuak Guillem d'Efakek (1930-1995) kontatzen zuen anekdota dakar. Abeslari mallorcarra Ekuatore Ginean jaio zen, guardia zibil kolonial baten seme. Hiru urte zituenean, aitak haurra bere herrira, Manacorrera, ekarri zuen, ama Rio Munin utzita.D'Efak beltza zen, Manacorreko lehenengoa bertakoen arabera. Eta pasadizoa. Jatetxean, zerbitzaria gaztelaniaz zuzendu zaio gizonari, eta abeslariaren katalan garbiko erantzuna entzundakoan, harriduraz, «Aizak, uste nian beltza hintzela!», bota dio hizkuntza berean. Aurreiritziak eta irrazionaltasuna.

Bigarren istorioa posta elektronikoz jaso dut. Aztoratua azaldu dit trantzea lagunak. Maistra dabil Iruñeko Sanduzelai, gaztelaniazko San Jorge, auzoko A ereduko eskola publikoan. Halako batean, jolastokian dela, 6 urte inguruko haur bati nongoa ote den galdetu dio. Azken hitza ahoskatzearekin batera damu zaio galdera ezegokia egin izana, are gehiago neskatoaren erantzuna jasotakoan: «Nongoa naizen? San Jorgekoa!». Txikiaren aurpegiak hitzik gabeko mezu argia helarazi dio, «Tuntuna haiz, edo?», eta horrela sentitu da. Jakin badakit laguna profesional saiatua dela eta sutsu jarduten duela bere aurreiritziak ezabatzeko lanetan. Neskatoa beltz-beltza da, 30 hizkuntza entzuten ahal diren eskolako ikaslea. Euskara, gelako saioan baino ez.

Twitterren bidez ezagutu dut aurten, azkenean ere, Sanduzelai auzoan institutu bat izanen dela, D eredukoa. Harrigarriki, kezka iturri izan da berria eskola inklusiboaren aldeko militante batzuendako. Horien iritziz, A ereduko institutuez inguraturiko auzoan euskarazko eredua besterik ez eskaintzea akats tamalgarria da, hartutako erabakiak eskolaren aniztasunaren, inklusioaren eta elkarbizitzaren kontra eginen duelakoan. Baiki, zaila izaten da maiz aurrejuzguen motxilaren zama arintzea, nahiz eta, ustez, eginbide horretan kartsu aritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.