LARREPETIT

Lapurreta

Garazi Arrula Ruiz -

2019ko otsailak 8
Otsailaren hasieran 75 urte bete dira armada naziak Stalingradeko gudua galdu zuenetik, eta bataila hura erabakigarria izan zen II. Mundu Gerrak hartuko zuen noranzkoan. Sobietar Batasunaren erresistentziak, ozeanoaz bestaldetik ailegatzen ziren armekin batera, espero gabeko mina ekarri zien alemaniarrei. Gaur egun, ordea, gehiengoak uste du bereziki AEBei esker irabazi zutela aliatuek gerra. Aski deigarriak dira Frantziako estatuan eginiko inkesta konparatibo baten datuak: 1945ean, %57k uste zuen SESB izan zela nazien porrotaren eragile nagusia; 2004an, berriz, %20k baino ez, estatubatuarren mesederako. Hala dio Ez diezazuetela engaina: II. Mundu Gerra errusiarrek irabazi zuten artikuluak, Público-n.

Eta pertzepzio bataren eta bestearen arteko 60 urteetan, ikus-entzunezkoak. Zenbat dira II. Mundu Gerrari buruzko film estatubatuarrak. Zenbatetan ageri dira soldadu ohiak ikus-entzunezko amerikanoetan, gaia eta abagunea zernahi delarik ere. Hollywood baten jabe izatea paregabea da epika birsortzeko, nola norbere historia mundura zabaltzeko. Hori ez da deus berria: hamaika aldiz egin dugu amets euskaldunok Braveheart bat izatearekin (edo Brave bat, besterik ezean).

Diaspora hain boteretsurik ez dugunez, besteak beste, etxean eta etxekoentzat jarduten gara, horretan jarri ditugu denbora, eskuak eta bihotza. Herri honetan, komunikabide independenteak lanean ari dira ukaturiko hori argitaratzeko, kultura politikoa sendotzeko, narratiba erresistenteei ahotsa emateko; horretaz jakitun dira baita Garzon eta enparauak ere. «Kontatzen ez bada, ez da», zioen Gara-ren kanpainetako batek. Ez dute nahi izan dadin. Jarraitutasun ideologikoa Espainiako justiziarena baita, frankismotik beretik.

Ez gaitzatela engaina: lapurreta ez da hiru milioikoa; narratibak dira lapurtu nahi dizkigutenak. Hemendik 60 urtera gogora ez dezagun zer izan zen. Ez dute (oraindik) ikasi: elkartasuna ureztatzen laguntzen digute egunero, izaten segitzea hautatzen.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna