maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Langileak

2019ko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
23:00etan iritsi da etxera Fermin. Umeak lotan daude jada, eta muxu bana emanda opa dizkie amets goxoak. Biharamunean ere ez ditu esna ikusiko, hura joaterako oraindik ohean egonen direlako.

Mirenek jantoki batean egiten du lan eguerditan, eta astean bi egunez dantza klaseak ematen dizkie umeei; beste bi egunez, euskarakoak helduei, gau eskolan. 30 urte ditu, baina gurasoen etxean bizi da, ez baitu dirurik alokairurik ordaintzeko.

Hilean 2.000 eurotik gorako soldata du Mireiak, eta ez dio kexatzeko eskubiderik ematen bere buruari, lan finkoa baitu. Sekzioko nagusiak lan gehiago egin behar duela dio, eta ez dio ezetzik erraten. Egunean hamabi ordu egiten du lan, eta ez du estrarik kobratzen.

Baba betaurrekoak saltzen aritzen da Euskal Herriko parrandetan, tabernaz taberna. Gaua bukatu orduko salduko ditu gehienak; ez, haatik, gazte mozkorren irainik entzun behar izan gabe.

Mediku egoiliarra da Mikel, sei urteko ikasketak amaitu berritan Galdakaoko ospitalean lanean diharduena. Gauez lan egitea egokitzen zaio maiz, eta txandak zaharragoek aldatzen dizkiote.

Behobiako biribilgunean zain dago Judith. Euria ari du, eta hotza sartzen zaio gonapetik, baina Guardia Zibilak kendu du kontrola jada, gutxienean. Kamioi gutxi dabil inguruan, eta ilun dago. Gaur bezero gutxi etorriko zaizkio.

Ordulariari triste begiratu dio Eulaliak: arratsaldeko seiak dira, eta eguneko ordu librea orain beharko lukeen arren, zaintzen duen amona erreguka ari zaio, ez dezala bakarrik utzi. Gaur alaba ez zaio etorri bisitan.

Taberna batean egiten du lan Lurrek, asteburuetan, eta astean zehar unibertsitatera doa, ahal dela ikastera. Atzo ere hots egin zioten beharrerako, gaur besta eguna zelakoan.

Guztiak langile izanagatik, elkarrengandik ezberdin sentiarazi eta zatitzea da kapitalismoaren lorpenik behinena. Ez diezaiogun garaipenaz gozatzen utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.