Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Desagertzear dagoen hori

2019ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Herriak aspaldi egin zuen ihes hiritik. Ia ez dago herri usainik hiritzarretan. Garai batean auzoetan sortzen zen herri giroa, eta bertan, neurriak neurri, norberak aurki zezakeen herriko zantzurik. Dagoeneko, baina, dena berdindu da. Txikian ere eman liteke globalizazio propioa. Gero eta agerizkoagoa da Bernardo Atxagaren euskal hiria; hiru milioi biztanleko hiri bat gara. Gustatzen zait kalerik kale galdu eta dauden elementu berriak aurkitzea. Batez ere, baina, gelditzen diren elementu zaharrak aurkitu nahian ibiltzen naiz. Etxetik hur bada denda bat edozein herritan aurki zenezakeena. Inoiz ez du zarratzen. Denda dute lantoki eta bizitoki. Lehenengoz sartu nintzenetik leial izan natzaio. Kanpotik fruta eta izozki marka bateko kartela ageri dira, baina barrura sartu eta atoan jabetzen zara unibertso aldaketa dagoela. Atetik bertatik ikusten da dendaren amaiera. Han, bukaeran, mahai handi bat dago. Etxeko jantokia. Han ikusten dut maiz emakume edadetua jaten. Hara artekoan, ordea, ate bat dago. Horixe baita etxea eta denda bereizten den gunea. Dendan denetarik du, ultramarinos deitzen den horietako bat da. Agian azkena. Saltzailea, ziurrenen, urrunago dagoen emakume haren ondorengoa da. Latza izan behar da, gero. Izan ere, azken lekukoa izango da seguruen. Zelan bizkar eman munduaren akaberari? Nola ihes egin aurreko belaunaldikoek ondare legez uzten dizuten horri? Dendara sartzen naizenero nik neuk sentitzen dut iraganaren erantzukizuna, zelan erosteari utzi? Beti pentsatu dut denda horren sarreran denbora jauzi bat dagoela, eta uneren batean ipurdidun telebistak zuri-beltzean erakutsiko didala dagoeneko historia den edozein gertakari. Jarraitzen dut sartzen; jarraitzen dut erosten; orain gereziak, gero sagarrak edo komunerako papera. Denda uzten dudanero gauza bera pentsatzen dut: zaindu desagertzear dagoen hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.