Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Albania #02 Atzerriak etxe

2019ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Egungo Grezia zentrala eta hegoaldea albaniarrez zegoen osatuta Erdi Aroan. Horietako ia guztiak asimilatuta daude egun. Greziarrek albaniar hizkuntzari arvanitika esaten diote. Eta oraindik 320 bat herrixketan entzun daiteke. Hego Epiron (Grezia) 40.000 baino gehiago dira (kontrara, Ipar Epiron Albania 23.000 ikasle daude grezierazko 360 eskoletan), Beoziako eskualdean, Eubeako golkoan, Atikan, Korinton, Peloponeson eta Andros iparraldean. Grezian albanierak ez dauka inolako ofizialtasun estatusik. Arvanitika azkar hiltzen ari da eta, berarekin, egun hitz egiten diren aldaeretatik arkaikoena den albanieraren aldaera.

Ekialderago, Turkian, Jugoslaviako albaniarren komunitate handia bizi da. 230.000 bat ziren 1990eko hamarkadaren hasieran jada. 1953an eta 1966an egotzi zituzten. Baina aurretik, XX. mendearen hasierako Balkanetako Gerretatik alde egindako beste 100.000 baten ondorengoekin batu ziren. Halere, XX.a baino dezente lehenagotik, Otomandar inperioaren garaietatik jada baziren albaniarrak egungo Turkian. Barne Ministerioaren arabera 1,3 milioi biztanlek dute jatorri albaniarra Turkian (beste iturri batzuen arabera 5 milioi dira) eta 500.000 lagunek hitz egiten dute egun.

AEBetan, Australian, Kanadan eta Argentinan ere badira albaniarrak. Ernesto Sabato idazle argentinarrak, Alderdi Komunistako militanteak, bere italiar jatorriaren azpian arberësh bat zuen.

Albaniako literaturan, hizkuntza paisaia ez da soziolinguistika soila. Albokoetan landu dira bertako literaturako ahots behinenak. Autore askok haragitzen dute hori. Lasgush Poradeci XX. mendea baino egun batzuk zaharragoa zen (18991987) eta errumanierazko eskolan ikasi zuen Monastirren (Mazedonia). Atenaseko Lizeo katoliko frantsesean gero. Beste erbesteratu batzuekin batera, Bukaresteko Arte ederren akademian bukatu zuen. Errumaniako hiri buruzagian ezagutu zuen Asdreni poeta albaniar erromantikoa eta handik hasi zen munduko albanierazko aldizkarietan publikatzen (Shqipëri e reKonstantza-n eta Dielli Boston-en). Bere lanak, Mihai Eminescu poeta liriko errumaniarrarenetik gertu ei daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.