maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

G7ak

2019ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Hain den ederra Lapurdiko kosta, ezen ezin baitut noizean behin bisitarik egin gabe utzi. Ederrak dira hondartzak, erlaitzak, herriak, baina paseatzen hasi bezain pronto begirada lausotzen didate belarrietatik sartzen zaizkidan soinuek. Ez itsasoarenak ez haizearenak, ezta udan ugaritzen diren autoenek ere; jendearen ahotik ateratakoek naute kezkatzen.

Hego Euskal Herriko familia despistaturen bat salbu eta gure ghettoetatik kanpo oro da frantses, edo frantses hiztun bederen, euskararik ez dut entzuten nehon, eta goibeltzen naiz, berehala, arratsalde eguzkitsu bat iluntzen duen enbata nola. Pays Basquera etorri dira, haien estatu boteretsuko erregio batera; bizitzera edo bakantzetan. Egiten dituzte erosketak, tragoak hartu, paseatu arazorik gabe, etxean bezala. Eta nik bila eta bila euskararik entzuten ez badut, pentsa haiek zer doinu antzemanen duten.

Postal, oihal, jantziren bat eramanen dute etxera, hondartza bazterretan dauden denda ugarietako batean erosia, ardi, piper, pilota eta lauburudun marrazkikoa. Eta horri esker kontatuko diete lagunei zein ederra den Euskal Herria: basque soilik adornuzko Pays Basque hori, euskararik etxe izen eta toponimoetan baino ez duena ia.

Eta gu bitartean garagardo bat euskaraz eskatzeaz lotsa, ulertuko ote digun zerbitzariak, begiratuko ote digun kanpotarrak bagina bezala. Sentituko ote garen gure tokian lekuz kanpo.

Abuztuan gure herria inbadituko duen G7 gailurraren aurka gabiltza, ikusten ditut pintaketak eta protestak nonahi, baina nago G7a ez ote den, hain justu, gailur bat, eta ez ote genukeen mendi osoaren aurka jo behar, egunero. Eta ez dakit nola, handia eta azkarra baita. Agintariak ez baitira egiten diguten guztiaren aurpegi baino, eta horren gibelean bertze hamaika esku, ukabil eta zango daudelako, gure hizkuntza, nortasuna, kultura eta bizimodua suntsitzen, egunero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.