Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Eta ezer ez da berdin

2019ko irailaren 5a
00:00
Entzun

Nola aldatzen diren gauzak, kamarada. Asturias mendebaldeko herrixka batean gelditu gara. Portuan ibilaldi ederra egin dugu arratsaldeko argipean, eta bista zoragarriaz zein giro lasaiaz gozatu gara. Idilikoa. Eztarria bustitzeko asmotan garagardo bat hartzera sartu gara arrantzaleen tabernan, eta barrako zerbitzari adeitsuak ziztu bizian atera dizkigu ongi zerbitzatutako edariak. Lokalaren eta zerbitzariaren dohainak goraipatzen ari ginen bitartean, pareko apalean salgai dauden bertako likore botilei erreparatu diegu. Cojonudo! belar-pattarraren ondoan, Artículo 155 uxual-krema begiztatu dugu. Lehenengo aldiz —eta azkenengoz izatea espero dut—bikotekideak katalanez ez jakiteak poztu nau. Zerbitzariak eta gainerako bezeroek ez zutela deus ulertuko jakinda, euskaraz komentatu dugu apalategiko aurkikuntza, tragoa lasai asko bukatu arte. Zeinek esan behar zigun duela urte batzuk euskarak lasaigarri efektua sortuko zigula horrelako ingurune batean?

Hau dena aldatu nahi nuke. Hilaren 16an 47 herritar euskaldunen aurkako epaiketa anakronikoa hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean. Badirudi 11/13 auziaren emaitza eta Kataluniako prozesu independentistarena estu lotuak izanen direla: logika judizialaren zentzugabetasun bidegabearen beste lagin bat da. Inputatuak euskal presoen eskubideen aldeko kolektiboetako partaideak dira, baita —Turkiakoa bezalako gobernu demokratikoak eredu hartuta— presoen abokatuak ere. Horren harira, dagoeneko badakigu zer edateko asmoa duten Asturiaseko kostaldeko herritar batzuek —gutxi izatea nahi nuke, bihotzez diot —procés auziko epai zigortzailea ospatzeko, baina inork ez digu oraindik kuxkuxeatu zer jarri ote duten freskatzen Euskal Herriko PP, C's eta UPNren egoitzetako hozkailuetan —baita PSN/PSErenetan ere—. Egia esatera, ez dut zer ospakizun klase prestatu duten jakiteko interes handirik; are gehiago, espero dut sekula ez izatea horren berririk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.