Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Uda eta begiradak

2019ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Roland Barthes-ek idatzi omen zuen (Arcàdia argitaletxearen Revelacions. Dos assaigs sobre fotografia zoragarrian berreskuratzen du Xavier Antichek) arriskutsua dela zerbait behar adina baino luzaroagoan begiratzea. Gehiegi begiratzeak ordena ezarria — dena delako ordena — gogaitarazten duela. Zeren begirada ere, begiratzeko daukagun modua, begiratzen pasatzen dugun denbora hori, gizarteak erabaki, eta beraz, kontrolatzen du. Horregatik, argazki askok, bideo askok, irudiek, grafikoek, planoek, eskandalua sortzen duten jakiteko, aski da argazki bideo irudi grafiko plano horiek begiratu dituena begiratzea. So-egileak gutxiegi ala gehiegi begiratu badu irudi horiek eskandalu hutsa dira: ziur.

Sarritan udak —gure gizartean gero eta gutxiago diren haurren eskola egutegiaren menpeko unitate horrek— eskandaluzko begirada horien antzekoak: begiratuegia den garai bat da, zeren gehiegi begiratzen dira paisaiak, paisaietan dauden gorputzak, gorputzek daramatzaten jantziak eta biluztutakoak, jatetxeek afaltzeko proposatutako platerak eta tarifak, lo egiteko hautatu beharreko tokiak.

Eta gero, begirada horretatik itzultzean, dena geratzen da lerroburu zarpail eta topiko gero eta tristeagoetan (gero eta jende gutxiago doalako kondiziotan oporretara, eta gero eta diru gutxiagorekin: aski opor delako etxe bat alokatzea, hipoteka bat ordaintzea, sakelako bat, telefono konpainia). Eta, ordea, udak badu lerroburu eta topiketatik azpiko beste balizko potentzia bat, nahiz eta horretarako behar dugun Paul Austerrek (Revelacionsen Joan Fontcubertak jaso bezala) zioen hura: «Istorioak gertatzen zaizkie soilik kontatzen dakitenei, esan zuen norbaitek noizbait. Modu berean, agian, esperientziak soilik gertatzen zaizkie esperientziak izateko gai direnei». Eta agian, hori da geure buruen diseinuaren garaian gehien falta zaiguna: exibizioa egiten pasatzen dugun denbora udak gu begiratzen gaituen bezala begiratzea: parean dauzkagun mendiak eta lepoak, mesanotxean ditugunak eta hirien kanpokoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.