Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Euskal hitzen izurritea Nafarroan

2019ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Behin izan naiz Nafarroako Parlamentuaren erraietan. Bertan lan egiten duen gure euskara ikasle batek bisita gidatua eskaini zigun taldekideoi, eta berari esker botere legegilearen ganbararen nondik norakoak ezagutzeko abagunea izan genuen, baita nork bere ordezkari fetitxearen eserlekuan ipurdia finkatzekoere. Nik egun Madrilen ari omen den politikari ahobero baten aulkia aukeratu nuen. Eroso eserita hartu nuen ustekabea, zinez espero nuenaren kontra ez baitzerion sufre usainik jarlekuari. Ez zen aretoko lurrinarena goiz hartako ezuste bakarra izan, sorpresa are handiagoa jaso bainuen bozeramaileen bilera-gelan. Mahaiaren gainean, eledun bakoitzaren aulkiaren aurrean, Parlamentuaren barne-araudi liburua zegoen paratua. Liburu batzuk besteak baino mardulagoak zirela ikusita, gure cicerone-ari galdetu nion erdi txantxetan ea etxe hartan arau diferenteak ezartzen zituzten alderdiaren arabera. «Ez», serio erantzun zidan, «liburu elebidunak jaso zituzten bozeramaile guziek, baina batzuek gaztelania hutsezkoak eskatu zituzten. Horregatik, arautegi batzuk besteak baino hornituagoak dira».Euskara kutsakorra izanen ote da? Agian birusak zerizkien politikariek irakurri behar ez zituzten euskarazko hitzei.

Bozeramaile hipokondriakoen irizpide berari jarraitu diote Nafarroako Auzitegiko epaileek, baita UGT zein SPA —honetan burbuilarik ez— sindikatuetako ordezkariek ere. Azken horien ahaleginari esker, euskara eremu mistoaren eta ez-euskaldunaren paisaiatik desagerraraz dezakeen erabakia hartu du Auzitegiak, eremu euskalduneko biztanleek besterik ez baitute arreta euskaraz jasotzeko eskubidea izanen. Horrezaz gain, lan deialdi publikoetan euskara meritutzat hartzeko derrigortasuna ezabatu du epaiak «egoera soziolinguistikoa aintzat hartuta». Antza, ingelesa, alemana edo italiera tradizio handiagokoak dira Nafarroako hegoaldean, hizkuntza horiek meritu izaten jarraituko baitute Foru Erkidegoan. Sufre usaina giroan. Euskarafobia bai obsesio erikorra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.