Blanca Urgell
LARREPETIT

Orientetik datoz...

2021eko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Joan berri den urteak baditu alde onak ere. Horietako bat François Desset arkeologo frantsesak elamita linealaren desziframendua oparitu izana munduari.

Elamita edo elamera (ez dago Euskaltzaindiaren zerrendan) Persiar golkoaren ekialdean, gaur Iran den alderdiko herri antzinako horietako baten hizkuntza da, Elam delakoarena. Goizenik idatzi ziren hizkuntzetako bat, idazkera kuneiformea deszifratzeko balio izan zuen 'Rosetta harria'-n (Behistungoidazkuna) dauden hiruretako bat ere bai.

Hasieran paleo-elamitaz idatzi zen (K.a. 3000. urtearen bueltan), eta gero linealaz 22 dokumentu baino utzi ez omen dituen tarte batez (K.a. 2400-2100 inguruan). (Idazkera batzuei 'lineal' izena ematen zaie marra linealez egindakoak direlako, hau da, lerroz). Bitartean kuneiformea ikasi eta hobetsi ere egin zuten.

Bibliak dio Noek hiru seme izan zituela: Sem, Kam eta Jafet. Elamdarrak Sem-en semeak dira, eta Jafeten semea dugu Tubal, euskaldunon aitalehen lehena, Aitor asmatu aitzinekoa. Guztiok gara Noeren ilobak, beraz, baina gure hizkuntzak jainko haserrekor hark nahasi zituen eta, gauzak zer diren, elamdarrei ere hizkuntza isolatu bat esleitu zien, ezein hizkuntzarekin lotu ezina (Semen ondorengoen hizkuntza semitikoekin ere ez); eta hizkuntza eranskari bat ere bai, erro-atzizkiz nagusiki osatua.

Elamerak bizitza luze-luzea izan omen zuen, idatziz behintzat, K.o. V-VI. mendera arte-edo, baina elamdarrak sarrienik inoren azpian egon ziren, munduko hurrengo mendeak baldintzatuko zituen Mesopotamiatik gertuegi bizi zirelako, sumertar, babiloniar, asiriar eta persiarren eragin eremu hurbilean. Elameraz Elam-en izena Hatamti zen, baina Historiak ia ahantzi zuen garaitu zutenek eman zioten izenaren onetan. Hiriburuak, persiar erresumaren hiriburu izatera ere heldu zena, Susa zuen izena. Poesia asko egiten zutela amestu genezake...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.