garbine ubeda goikoetxea
LARREPETIT

Zenbakiak

2021eko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Harrigarria da benetan, zein traketsak garen matematiketan baina zenbaterainoko debozioa diogun zenbakiari. Itzala eman nahi duenak argia hartu behar duen bezala, egia baten jabe dela frogatu nahi duenak, zifra bat jarri behar du agerian, eta izan dadila biribila. Izan dadila, nabarmena, ikusgarria, lerroburu nagusietara igotzeko modukoa.

Bi dira aho bete hortz uzten nauten argudioak. Batetik, zifra bera, bereziki helburu politikoz emana denean. Eta ,bestetik, farmazia industriak bere jeneroa saltzeko darabilen hitza zenbat eta kakofonikoago, hainbat eta sinesgarriago. Flogoprofen con Etofenamato gisako esloganak kantari entzunda, nor da botika horren efikazia kolokan jarriko duen ausarta?.

Baina hel diezaiogun zifrari.Zifra baita, zehatza, eta absolutua, eta ehunekotan espresatzen denean, gainera, inpartzialaren hizkuntza. Zer erran dezake estatu-presidente batek, bere poliziak biztanleen ziurtasuna bermatu behar eta biztanleak berak egurtzen dituenean, hain justu, libre ez den iritzia errimak zainduz azaldu zuen espetxeratuaren alde protestan tinko eta libreki aritu izanagatik? Halako azalpen katramilatsuak ekiditeko eta airoso ateratzeko formula zenbakia da, noski: «Espainia demokrazia bat da, %100ean». Izan ere, hain da eder eta osoa zero parea makila aurretik duenean.

Beste zifra batekin ere txunditu gaitu delako estatu-presidenteak. Ez bat eta ez bi, lau ditu orain gobernuko presidenteordeak, denak emakumezkoak. Frantziako parekidetasun legeari alimaleko lezio numerikoa eman nahi izan diola dirudi, Parisko alkate Hidalgo andreak zero asko dituen isuna ordaindu behar izan baitu, agintean emakumezko gehiago batzeagatik, gizonezkoak baino. Gobernuburu horrek, aldiz, emakume presidenteordeak ehuneko ehun edo lautik lau, sardina bakalau. Simetria perfektuan erakusten ditu agerraldietan, bera nagusi eta haiek neskameak balira bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.