Samara Velte.
LARREPETIT

Probak eta frogak

2021eko irailaren 17a
00:00
Entzun
Esan egingo dut: amiñi bat beldurtuta joan nintzen txertodromora. Zientziaren defendatzaile eta ardura kolektiboaren aldarrikatzaile sutsua izan zaitezke eta, aldi berean, hipokondriako desesperatua. Zorionez, ziztadak ez zidan ekarri nire barruko izuti obsesiboak espero zuen tronbosirik. Bai, ordea, aspaldian ikusi gabeko adiskide baten itzulera: hileroko odol jarioarena. Haurdunaldia eta edoskitzea dela medio, 21 hilabete neramatzan hilekorik gabe. Bigarren Pfizerra jaso eta bi egunetara, ordea, hantxe zen berriz (bide batez: ajea zer zen ere ahaztuta neukan).

Medikuntzan analfabeto garen guztion moduan, Googlera jo nuen azalpen bila. Adituta neukan hainbat gaztek aldaketak sumatu zituztela hilerokoan txertoa hartu ostetik, baina ez nuen ezagutzen obulazio zikloa berraktibatu zitzaion kasurik. Sarean, lekukotza gehiago topatu nituen, baina esplikazio zientifikorik ez. «Ez da aurkitu txertoaren eta hilerokoaren aldaketen arteko loturaren ebidentziarik», zioten osasun erakundeek.

Frogarik ez topatzeak, ordea, ez du esan nahi ez dagoenik loturarik; aurkitu, bilatzen duenak aurkitzen baitu. Eta, antza, txertoa testatzeko fasean, inori ez zitzaion bururatu parte hartzaileei euren ziklo menstrualaz galdetzea esanguratsua izan zitekeenik. Nori eragiten dio, bada, hilerokoak?

Honekin ez dut zalantzan jarri nahi txertoaren efizientzia edo beharrezkotasuna. Benetan uste dut ezinbestekoa zaigula immunizazioa lortzea, egoera sozial normal samar batera itzuli nahi badugu, eta sinesten dut txertoa ez hartzearen kalte posibleak askoz handiagoak direla. Baina erresumin apur bat ere eragiten dit osasungintzak krisietan genero perspektiba zenbateraino alboratzen duen ohartzeak; nahiko ziur bainago txertoaren ondoren hainbat gizoni disfuntzio erektila antzeman izan baliete auzia honezkero ondo ikertua legokeela. Ez daukat frogarik, baina zalantzarik ere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.