Blanca Urgell
LARREPETIT

Odiseoren argizaria

2022ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Ia ez gara ohartzen hizkuntzaren mikrobioez, baina hortxe daude: Take a chill pill bikain ahoskatu arren, People says esan orduko First azterketatik botako gintuzkete. The devil is in the details, gure jardunari gramatika-ñabardurak eransten dizkioten puska demontre horietan. Norberaren hizkuntzan ere antzemangaitzak dira: konparatu dadin vs daiteke < *da(d)i-te-ke vs du-ke edo dator-ke, eta pentsatu zer den te.

Mikrobio hauetan pluralgileek sail berezia osatzen dute, askotarikoa, hizkuntzak guztira harturik. Gurea, adibidez, ugaria da, aditzean batik bat: du/ditu, du/dute, zaio/zaizkio, dio/dizkio, dago/dagoz edo daude, dakar/dakartza pareak erraz igar daitezke, eta it, te, zki, z, de, tza isolatu ere bai, subjektuaren edo objektuaren pluraltasuna adierazten duten bakterioak.

Hizkuntza ezberdinen petri plakak erabiliz hizkuntzalariek ikasi dute «plurakzionalitatea» dutela, hau da, akzioen (gertaeren) pluraltasuna adierazteko modua: zerbait behin eta berriz gertatzen da, edo gertakari asko aldi berean. Honela ondorioztatu du Lakarrak ezin dakiokeela kasualitateari egotzi aditz jokatuetako -te pluralgilearen forma (dute, dakarte) eta aditz jokatugabeetako morfemarena (egitea, iristeko).

Are gehiago, erlazioa hiru atzizkitara zabaldu daiteke, baldin eta atzizkiok honela berreraiki bageneza: *-de > -de/-te/-e (daude, dute, B dabe/Z die), *-za > -z, -tza, -tze (datoz, dabiltza, zabaltze) eta *heta > eta, keta. Honela, hiru aukerak genituzke hurrenez hurren: aditz gertakaria (egiten, sortzen, pentsetan/pentsaketan), aditz jokatua (dute, dakartza) eta izen sintagma (urte, elurtza/elurtze, mendietan).

Beste hizkuntzen laguntzaz gaurko forma harrigarrien zentzua harrapatzera hel bagaitezke, ez ote genitzake begiak alboko galsoro kiskalitik Zamora, Ourense zein Landiras-era itzuli?

Agian Odiseoren argizaria lortu behar genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.