Albistea entzun

LARREPETIT

Memoria eta 'kitsch'-a

Hedoi Etxarte -

2022ko irailak 24

Zeharo desegokia iruditu zitzaidan, orduan jabetu nintzen, 2018an Iruñeko kartzela zaharraren orubean, zakurrek kaka egiteko eremutik gertu jarri zuten zutarria. Monumentuarena egin nahi zuen menhir bat zen. Sinbolo higatuen kopia kitsch bat, gure munduan artisautza azoketan egoten direnetatik gertuago ikus-entzunezko arteari exijitzen dizkiogunetatik bainoago. Euskal estiloko tipografiarik topikoenekin idatzitako hitzak, 70etan egiten ziren amnistiaren aldeko pegatetako kartzelaren karakterizazio pobre bat, nazionalismo banalaren iruditeria.

2021eko abuztuan eskultoreari egin zioten elkarrizketa bat irakurri nuen eta hara, egile berak, beti antzeko sinboloekin (ustezko etnografiatik hartuak, harri apropos baldarrekin) egin dituela Etxauriko fusilatuen menhirra, Erreniagakoena eta azkena, joan den ostiralean inauguratua, Vicente eta Maravillas Lambertorena. Muga estetiko eta politiko guztiak gainditzen dira harmonia falta horrekin, ahozkoan eta lagunartean esan eta pentsatu daitezkeen baina ohorezko monumentu batek manejatu behar dituen solemnitatearekin bat egiten ez duten esaldi eta formekin. Desagertu diren pop-rock taldeak imitatzen dituzten taldeekin edota lorategietako pottokiekin lotuagoak Berlingo Friedrichsfeldeko udal hilerriko Sozialisten memorialeko obeliskoarekin baino (Die Toten mahnen uns metalezko letrekin).

Segur aski bi modutan bakarrik ebatz daitezke politika askatzaile jakin batengatik errepresaliatu zirenen omenezko irudi eta eskulturak. Ala modu goren eta ez-kitsch batean mugimendu politiko horien sinboloak berrirakurtzen dira (36ko errepresaliatuen kasuan langile mugimenduaren sinboloak, hildako bakoitzaren tendentzian erabili zirenekiko errespetuz) ala heriotzari lotutako seriotasun eta soiltasunean bilatu behar da.

Iruñeko hilerrira noanero ematen dit lotsa 36ko biktimen omenezko memorialaren anodino eta pobrea estetikan, manipulatzailea hitzetan eta hildako faxisten omenezko memorialaren arteko aldeak fidela estetikan eta mezuan faxistekiko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...