nerea loiola pikaza
LARREPETIT

Denborak asko balio du

2022ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Berrikuntza lanak egiten ari dira gure haurren ikastetxean eta, besteak beste, jangela handitu dute; jaiotza-tasak behera jarraitzen duen garaiotan ez direlako eskolak jatorriz eraikitakoan kabitzen. Bereziki deigarria egiten zait 09:00etatik 16:30ak arte eskolan egoten den 3 eta 6 urte bitarteko haur kopurua, zazpi ordu eta erdi —gutxienez— gurasoekin egon gabe.

Batzuk Gau Beltza-ri tiraka, eta kaleko iragarki-taulak Haloween-ez josiak, herriko ingeles eskolek antolatutako festen iragarle. Zenbat ingeles akademia dago zure herrian? Zenbat haur egunero bertara joan-etorrian? Eskolaz kanpoko ekintza ia guztiak ingeles klaseen ordutegiaren arabera zehazten dira, inork ez duelako zalantzan jarriko umea hara bidali edo ez. Gainera —haur konpetente eta zoriontsuak nahi ditugulako—, beteko dizkiegu agendak dantza tradizional-moderno, yoga-sukaldaritza ekologiko, aero-judo eta musika eta marrazketa uztartzen dituen jarduera sortzaileekin. Eta inori ez zaio burutik pasako guztiak baztertzea elkarrekin denbora gehiago pasa ahal izateko. Iluntzean, etxera iritsi eta telebista piztuko diegu «afaria lasai egin ahal izateko», jakin badakigun arren entretenitu baino ezereztu egiten dituela pantailak; baina elkarrekin afaria prestatzea neketsua da, eta leher eginda gaude denok.

Zaila da daramagun bizitza-erritmo hiperproduktiboarekin beste dinamika batzuk hartzea, iruditzen zaigu ezin ditugula gauzak beste modu batera egin, ez dagoela beste aukerarik. Batzuen kasuan hala izango da zoritxarrez, baina, askorentzat badago beste aukerarik. Ez da merkea izango, baina aberastu egingo zaitu. Gure haurrentzako —eta guretzako— bizi-kalitate eta etorkizun oparoen harrapakari bihurtuta, zaila da eurekin konpartitu dezakegun denbora inbertsio moduan ulertzea. Ordea, erabaki hori hartu eta gauzatzen duzun une beretik, ez zaizu bururatuko ondorengoentzako herentzia hoberik zure denboraren oparia baino.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.