Malaitako lehen ministroa kargutik bota dute, ustelkeria leporatuta

Suidani da Salomon Uharteek eta Txinak adosturiko segurtasun akordioaren kritiko nagusia

Malaitako lehen ministroa kargutik bota dute, ustelkeria leporatuta.
ander perez zala
2023ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Malaita Salomon Uharteetako probintziarik jendetsuena da, eta, duela zenbait urtetatik, mugimendu independentista sendo bat du. Aldi berean, zenbait gertakari politiko garrantzitsu izan ditu; azkena, atzo. Eskualde horretako parlamentuak probintziako lehen ministroaren kargutik bota zuen Daniel Suidani, oposizioak haren kontrako konfiantza mozio bat aurkeztu ondoren. Suidaniri ustelkeria leporatu diote: besteak beste, gobernuaren finantzak bidegabe erabiltzea bere bizkartzainak ordaintzeko, eta jabe txinatarrak dituen meatze konpainia bati legez kanpo dirua eskatzea.

Txinak eta Salomon Uharteek iaz adosturiko segurtasun akordioaren kritikari nagusia izateagatik eta horren kontrako kanpaina egiteagatik bilakatu da ezagun politikari kargugabetua; bai haren herrialdean, baita nazioartean ere. Itun horrek, hain justu, sakondu eta bururaino eraman du Malaitako agintarien eta gobernu zentralaren arteko gatazka luze bat, zerikusia duena eskualdearen ordezkaritza faltarekin eta garapenarekin; aurrez, 2019an, gobernu zentralak Taiwanen independentzia onartzeari utzi eta Txinari irla horren subiranotasuna aitortu izanak ere haserrea eragin zuen uhartedian.

Malaitako Parlamentuak atzo egindako saioan ez zuten parte hartu ez Suidanik, ezta haren aliatuek ere. Hau da, denera, hamazazpi diputatuk bozkatu zuten hura kargutik botatzearen alde, aho batez —33 aulki ditu ganbera horrek—, Australiako ABC telebista kateak jakinarazitakoaren arabera.

Lerro hauek idazteko garaian, Suidanik ez zuen adierazpen publikorik egin afera horretaz, baina haren aliatuek jakinarazi zuten politikari kargugabetuak mozio bat aurkeztu duela Salomon Uharteetako Auzitegi Nagusian, argudiatuta Malaitako Parlamentuko presidente Ronnie Butalak ez zuela onartu behar bozketa hori egitea. Butalak, ordea, esana zuen ez zuela jaso auzitegi horren agindurik saioaren legezkotasunaren inguruan.

Poliziaren esku hartzea

Atzoko bozketaren aurretik eta haren ondoren, tentsioa izan zen Malaitako hiriburuko kaleetan, ABC telebista kateak jasotakoaren arabera. Besteak beste, Poliziak negar gasa erabili zuen manifestariak sakabanatzeko; hedabide horren arabera, protestariak «talde txikietan» antolatu ziren, baina, segurtasun indarren ekintza horren ondorioz, amaitu egin zuten manifestazioa.

Bien bitartean, Malaitako Parlamentuko presidentearen aginduz, Glen Waneta izango da jarduneko lehen ministroa —orain arte gobernuburuordea izan da—. Diputatuek agintari berria aukeratzeko bozketa ere egingo dute; hautagaitzak aurkezteko epea gaur irekiko dute, eta bihar itxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.