Onintza Enbeita.
LARREPETIT

Leihoak

2018ko uztailaren 27a
00:00
Entzun
Uztailak ere eman ditu bereak. Hortxe bertan dago zorioneko abuztua: jendeak lehorra izateari uzten dion garaia. Azaroan kaleak desagertu egiten diren orduetan, terrazak beteta egongo dira agorrilean. Goizetan, urtarrilean oraindik kaleak jarrita ere egongo ez liratekeen garaian, jendea pasieran ibiliko da galtza motxetan. Aste nagusiak, hondartzarako auto ilarak, mendi bueltak... euria egin arren, aterkirik gabe ibil gaitezkeen hilabetea da abuztua. Eguna laburtzen hasita dago dagoeneko, baina guretzat, gure barne psikologian, uda bete-beteko hilabetea da agorrila. Euskal Herrian berorik handiena egingo duen hilabetea izanda ere, hor joango da jendea, akaso baita neu ere, oraindik eta bero handiagoa egiten duen lekuetara: oporrak horretarako dira. Deskonektatzeko beharrak hara eta hona eramango gaitu zentzu handirik gabe. Udako oporrak probestuta, hiriburuan bizi diren senideak bisitatuko ditugu hantxe itoko bagara ere. Marijaia erretzearekin batera, informatiboak opor osteko estresaz hasiko zaizkigu hizketan, baina bitartean segi, dale, ekin, eutsi, eman, bota pinue... abuztua da! Gure lagun arraunlariak denboraldi betean egongo dira, iraila noiz amaituko zain. Gure lagun futbolariak oraintxe hasiko dira lehian. Gu, baina, oraindik oporretan gaude. Gure lagun irakasleen oporrak kritikatuko ditugu: norberak beti ditu merezi baino opor gutxiago, baina norbere umeen hezkuntzaz arduratzen denarenak asko dira. Abuztuan lanera joaten zaigun, ordea, guk baino atzerago kokatuko dugu mamalen zerrendan.

Eta hor ibiliko naiz neu ere. Hauxe izango da nire azken Larrepetit bolada luze batez. Deskantsatzeko asmoz itxiko dut ordenagailua gaur, baina ez dakit nahi adina arnasa hartuko dudan. Izan ere, uztailak ateak ixten dizkigun bezala irekitzen dizkigu leihoak irailak. Abuztua trantsizioa baino ez da; bere bertso saio, jai, hondartza egun, garagardo, terraza eta lanean gaudela baztertu behar ez genituzkeen gauza guztiekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.