maddi ane txoperena iribarren
LARREPETIT

Bertso familia

2019ko martxoaren 27a
00:00
Entzun
Ez dakit bertsoaren egituraz gauza handirik ikasiko genuen bertso eskolan 8 urterekin sartu ginenean. Gogoan ditut bertso-pilota, bertso-futbola, eta, bereziki, bertso-krakadak. Ez zuen inporta aitzakiak: lehen eguna zelako, edo azkena; baten urtebetetzea zelako; opor aitzineko eguna; Olentzero edo eskolarteko txapelketaren ondorena, beti zeuden Hendaiako ikastolako mahaiak pastel, goxoki eta freskagarriz beteta. Eta gu, haien arrimuan, noski, gustura. Ostirala maite genuen, ez asteburua zetorrelako: bertso eskolaren eguna zelako baizik. Eta horrela joan ginen, pixkanaka, bertso familia osatzen. Gutxik segitu dugu bertsotan, batzuk aritu dira gai-jartzaile, bertze batzuk zale dira, edo bertzerik ez. Baina uste dut denek izanen dugula oroitzapen onen bat edo bertze, elkarri diosal eginen diogula inoiz kalean elkar gurutzatzerakoan. Eta zer erranik ez, uda iristen zenean hutsik egiten ez genuen bertso udalekuez eta han egindako lagunez. Bizitza osorakoak, anitz: Euskal Herriko bertze puntan bizi arren.

Kontua da handitu garela, baina bertso familiak hor segitzen duela. Eta horren erakusle da larunbatean —batzuentzat igande goizaldean— bukatu zen Nafarroako bertso txapelketa. Lehia baita, eta baitute bertsolariek hein bat lehiakorretik, baina plazera ematen baitu ikusteak elkarrekin ofizioa kantatu ondotik elkarri bizkarrean jotzen, elkar besarkatu eta zoriontzen saioaren bukaeran, elkarrekin afaltzen eta besta egiten, guziak ahizpa, arreba eta anai —nahiz anitzek aurten nabarmendu gisan, tamalez oholtzan anaiegi—.

Batzuek arrazoiz erranen dutenez, friki kuadrilla bat ere bagara, baina garrantzitsua da bertsolaritzaren bueltan sortzen den komunitatea. Bertsolariak anitz baitu bakarkako lanetik—eta hori ere aitortu behar zaio—, baina nekez eginen bailuke aitzina, edo ez behintzat hain gustura, bertso familiarik gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.