Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Marx eta bere alabak II

2019ko ekainaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Karl Marx eta Jenny Marx Ingalaterrara iritsi zirenean pobreak ziren. Beren alabak hazten hasi zirenerako zertxobait hobetu zen beren bizi maila. Paul Lafarguek Laura Marx limurtzen zuenean marxtarrek itxurak egiten zituzten. Marx oso dorpea omen zen dirua kudeatzen. Ia ez zeukaten ezer, baina Laurarentzako gimnasia eskolak ordaindu zituzten. Bere urtebetetze egun batean Jennyren hitzak gogoratu zituen: «Karlek kapitala irabazi izan balu berari buruz idatzi ordez!».

Karlek ez zuen aitzakiarik jarri Laurak eta Jennyk politikan aktibo ziren bikotekideak izan zitzaten. Bigarrena iraultzaile frantses batekin ibili zen. Baina ez zuen nahi izan Lissagaray jauna, Eleanorrekin ibil zedin: hamazazpi urte zaharragoa zen frantsesa.

Rowbothamek dioenez, Karlen alabek ez zeukaten beren aita tiranotzat. Etxeko giroa beroa zen, dibertsioa eta samurtasuna zegoen, nahiz eta bizitza materiala, sarritan, oso urria zen.

1881ean Jennyk bere arrebei kontatzen zien gutun batean zorigaiztokoa sentitzen zela, fisikoki ez zegoela eroso, ezta mentalki ere. Bere hiru semeetako batek esnatzen zuela edonoiz gauero, eta beste bat tripako gripeak jota zegoela. Urtebete beranduago egin beharreko etxeko lanez kexu zen, ba omen zirela etxeko lanak gustura egiten zituzten emakumeak, «baina ez zirela denak pasta berarekin eginak». Bere senarra, Charles Longuet, sarritan egoten zen etxetik kanpora. Jennyren amak bazekien, eta hala idatzi zion Laurari 1882an: politikan dabilen bikotekidea duen emakumeak berezko kezkak eta arazoak dauzka.

Nabarmena zen Jennyrentzat eta Laurarentzat babesten zituzten politika sozialistek eta beren etxeko egoerek elkarren artean egiten zuten talka. Biek jaso zuten pentsalari handiak izateko formazioa. Baina zaintza lanaz arduratzen hasten diren unetik ez dute gutunak idazteko astirik ere. Dena egin behar dute haurrak lo dauden bitartean, ala paseatzera doazenean. Egoera hark ia ezinezko egiten zuen garapen intelektuala. Eta ordea, bai Jennyk eta bai Laurak berea desgrazia pertsonal bat bezala ikusteko joera zuten gutunean. Politikoa pertsonala balitz bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.