LARREPETIT

Juduak eta txirrindulariak

Hedoi Etxarte -

2019ko ekainak 22
Uste orokorraren kontra. Hannah Arendtek azaltzen du ezetz, antisemitismo modernoak ez duela loturarik nazionalismoaren eta xenofobiaren XX. mendeko leherketarekin. Kontrakoa gertatu zela, «antisemitismo modernoa hazi zen nazionalismo tradizionalak behera egin zuenean eta bere maila gorena erdietsi zuen Europako estatu-nazioen sistema eta botere oreka hondoratu zen une berean».

Arendtek azaltzen du sobietar proiektuaren ifrentzu izan zen nazismoak hasieratik jokatu zuela nazioarteko gudu-zelaian. Antisemitek hasieratik egin zituzten nazioarteko kongresuak, esaterako. Eta nazionalismo historikoa probintzialismo mota bat iruditzen zitzaien. Juduen kontrako gorroto horretan Arendtek analogia egiten zuen Tocquevillek Frantziako iraultzan aztertu zuen gorroto bortitzarekin. Antza, gorroto handiagoa zegoen aristokraten kontra erregetzaren erakundeen kontra baino. Noiz eta botere politiko gehiago galdu, orduan eta gehiago gorrotatzen zituzten aristokratak. Hain justu, botere politikoaren galerarekin ez zituztelako, aldi berean, aberastasunak galtzen. Legediak aristokratak babesten zituenean jendearen errespetua zuten. Nobleziak pribilegioak galdu zituenean herriarentzat bizkarroi izatera pasatu ziren. Arendten hitzetan, «ez zapalkuntzak, ezta esplotazioak ere ez dira erresuminaren arrazoi nagusiak; funtziorik gabeko aberastasuna askoz asaldagarriagoa da, zeren ez da ulertzen zergatik onartu behar den». Analogia eginda, antisemitismoaren maila gorenak zerikusia izan zuen juduen funtzio publikoaren galerarekin. Hitler boterera heldu zenerako juduek gutxi agintzen zuten Alemaniako bankuetan.

Arendtek jasotzen du Lehen Mundu Gerrak Europa errautsekin berdindu ostean, antisemita batek galdetu omen zuela zeintzuk ziren gerra sortu zutenak: «Juduak eta txirrindulariak izan ziren». Batek galdetu omen zion «zergatik txirrindulariak?» eta beste batek «zergatik juduak?». Ezin da, noski, kotxeek hildako oinezkoen eta txirrindularien tragedia II. Mundu Gerrakoekin alderatu. Nahiz eta polemika iturrietako bat Pio XII.a izan, antisemitismoa eta bizikleten kontrako klima lotzen dituen Iruñeko etorbidea.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna