Blanca Urgell
LARREPETIT

Errepikaren errepikaz

2020ko azaroaren 4a
00:00
Entzun
Arin-arin, goiz-goizetik, luze-luzea... Hizkuntza anitzetan da ohikoa erreduplikazioa, eta ñabarra: nola gauzatzen den, zertarako erabiltzen den, eta abar. Wikipedian ikusi dut Tz?utujil hizkuntzan (Guatemala) ingelesez -ish atzizkiak adierazten duena adierazteko erabiltzen dutela, baina erroaren lehen kontsonantea soilik errepikatuz: [kaq] 'gorria' hitzetik [kaqko?] 'gorrikara' dute (kaq-k-o?), eta [ja?] 'ura' hitzetik [ja?jo?] 'urtsua'(ja?-j-o?), adibidez.

Gure handi-mandi, nahas-mahas eta zirimiri-etan alderantziz: erroa osorik 'kopiatu'ez ezik, aurrean m erantsi zaie. Baliabide zaharra da, fosilduxea: alarma-malarma edo birus-mirus onartuko genituzke, hitz joko gisa ez bada?

Anitzez zaharragoa den beste erreduplikazio mota bati erreparatu dio Lakarrak: gogor eta zezen-en dagoenari, alegia. Bide beretik azaltzen dira adar (*da-dar), eder (*de-der), odol (*do-dol), bai eta ahal (*na-nal) eta ahantzi (*na-nan) ere, besteak beste. Hauetan erroaren lehen bi hotsak soilik kopiatu dira, eta ezkerretara egin da, ez eskuinetara. Honegatik uste dugu aspaldikoa dela, aitzineuskarakoa, bai eta ez dakigulako zehazki zer ziren zen, dar, dol, ezta erreduplikazioz zer bihurtu ziren ere.

Aukera asko daude. Erreduplikazioak plurala adierazten omen du malaysieran: rumah 'etxea' eta rumah-rumah 'etxeak'. Latina ikasi dugunontzat ahaztezina da curro, curris, currere, cucurri, cursum 'korrika egin' aditza, lehenaldiko cucurri erreduplikatuarekin. Bestetan esanahia berariazkoa dela adierazten du: «Es una mujer-mujer» etorri zait burura (buruko hondar hauek!).

Erreduplikazioa? Errepikapena? Gurpil zoroa? Déjà vu? Berriro ere etxera bidaliko ote gaituzten gaude. Uste dut honetan, arin-arin-enean bezalaxe, errepikapena eskuinetara izango dela, osoa, eta agian kontsonante itsusiren batez indartua. Irakasleok, pantailak jango gaitu. Ziur.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.