Blanca Urgell
LARREPETIT

Nortasunaren txiribueltak

2020ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Euskal Herriak esportatu dituen herri kirolen artean goi-goian jartzekoa da deiturena. Gaur ez dago boladan, rapero, influencer, cloud architect, estilista, e-commerce manager zein unibertsitateko katedradun izateko ez baitugu nahasterik gabeko espainiar garbi, pin, leial eta leinargietakoa izan behar (thanks, Iztueta). Duela 40-50 urte, ordea, Espainian seme-(alab)ek gizartean gora egiteko aukera zabaldu zenean, familiaren armarriak apaintzen zuen saloiko beiratea, «Izan zirelako gara, garelako izango dira» perpausaren beste irakurketa batean.

Ruiz ez zegoen orduan larregi kotizaturik, nahiz funtsean germanikotik etorri eta Mio Cidekin lotu ahal den. Ostera, Jaime de Kerexeta-ren Diccionario onomástico y heráldico vasco: más de 25.000 apellidos vascos, con su significación, casa solar, pruebas de hidalguía y escudos de armas (zazpi liburuki; 1970-1983), ez dizuet galdetuko nork duen etxean. Tartean Mitxelenaren Apellidos Vascos ere (1953) hamaika aldiz berrargitaratu zen (asebetetze maila bera ote?).

Esanguratsua da, aldiz, asmakuntza mexikarra izatea, eta bi mendez lehenagokoa, Jose de Iturrigaray y Aróstegui erregeorde liberal andaluziarrak (1808) eta Agustin de Iturbide y Aramburu jeneral mexikarrak (1821) independentziaren eragileetakoak izan ziren garaikoa: Josef Francisco Irigoyen-en Colección alfabética de apellidos bascongados con su significado (1809 eta 1868), Jose Manterolak Donostian berrargitaratua (1881).

Irigoyen gipuzkoarra omen zen, elizgizona. Mundu berrian bere minutuko loria euskararik ez zekitenei euren abizenak azaltzen lortu bide zuen, Azkarraga, Laskurain eta Iturbidetar aristokraziari, edo euren azpiko gatxupinei.

Durangoko estatuari «Bizkaia berria» izena eman zion Francisco de Ibarra y Arandiak (1562) ez zukeen sekula jakin urte berberean Landucci toskanarraklehenengo euskal hiztegia bildu zuela. Gauzak zer diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.